Urduñako Herri Ikastetxeko jolasgunea moldatzeko prozesua abiatu dute. Egitasmoa, baina, ez da obra huts bat izatera mugatuko. Prozesu parte hartzaile bat egiten ari dira, zentroko haurrak izan daitezen zer nolako patioa eraiki erabakitzen dutenak. Ez da erronka makala, 3-12 urteko 160 ikasle baitaude ikastetxean. “Tailerrak egiten ari gara klasez-klase, proposamenak jasotzeko”, azaldu dute Hiritik at! kooperatibako kideek, eurak ari baitira proiektu osoa dinamizatzen.
Aurkezpena martxoaren 2an
Jasotzen dituzten ideia guztiak bildu eta proposamen bateratu bat osatuko dute, datorren martxoaren 2an -ostirala- egingo duten aurkezpen irekian plazaratzeko. “Ez da saio informatibo hutsa izango, parte hartzea sustatuko baitugu”, azaldu dute dinamizatzaileek. Herritarrak proiektuan inplikatzea dute helburu, gero auzolan bidez gauzatu ahal izateko jolasgunearen birmoldaketa.
Urduñakoa ez da izan eskualdean egin den tankera horretako lehen proiektua. Amurrioko Zabaleko Ikastetxean ere antzeko egitasmoa egin zuten iaz.