Aurtengo Otxomaioetako pregoia nork irakurriko duen eta lehen suziria nork piztuko duen iragarri berri du Urduñako Udalak. Hiriko Gazte Asanblada izango da pregoilaria. Urte egokia da asanbladari aitortza egiteko, 20 urte betetzen baititu. “Urte hauetan gazteei zein herritargoari bideratutako hainbat kultura eta aisialdi ekintza antolatu ditu, zeinen artean nabarmentzen diren Gazte Eguna edota udako solstizioan egiten duten Akelarre jendetsua”, azaldu du udalak. Larunbat honetan egingo dute Gazte Egunaren XX. edizioa, hain zuzen.
Aintzane Okeranzari aitortza
Jaien hasiera suziria pizteaz, aldiz, Aintzane Okeranza arduratuko da. Tokiko Erakundeak azaldu du Okeranzak hiriko hainbat ekintzatan parte hartu duela eta oso maitatua dela hirian, “lorategi publikoen zaintzan aspalditik egiten duen lan boluntarioagatik, batez ere”.
130 proposamen
Iaz ekin zion udalak pregoilari eta txupinerak herri-bozketa bidez aukeratzeari. 130 herritar baino gehiagok hartu dute parte bozketan, balizko hautagaien izenak sartuta udalaren webeko galdetegian edota Alondegian jarritako kutxan.