Bizkaiko Foru Aldundiko eta Apezpikutzako teknikariekin bildu zen atzo Urduñako Udala. Antzinako Andra Mari Ikastetxeko kanpandorreko zikoinen habien egoeraz mintzatu ziren, habietako bat lurrera erori baitzen asteartean. Ertzaintzak gunea hesitu zuen, segurtasuna bermatzeko.
Bilera baliatu zuten habien egoera aztertzeko eta, ondorioztatu zutenez, bik dute erortzeko arriskua, “eraikinetik kanpo ateratzen ari direlako”. Hori dela eta, premiazko txostena prestatuko dute Apezpikutzak eta Aldundiak, “hurrengo asteetan” leku aldaketa egitea helburu. Udalak ziurtatu du “uneoro” bermatuko dela “zikoinen zein jaiotzear dauden txiten ongizatea”.
Tokiko Erakundetik adierazi dute premiazkoa dela neurri hori ahal bezain laster egitea. “Gertu ditugu Otxomaio Jaiak eta normaltasunez egin nahi ditugu gaur egun itxita dagoen espazio erabilita eta herritarren zein bisitatuko gaituzten guztien segurtasuna bermatuta”, adierazi du Idoia Aginako alkateak.