Urduñako Udalak jakinarazi du hirian autokarabanen aparkalekua jartzeko aukera aztertzen ari dela. Diru kopurua erreserbatu du aurtengo aurrekontuetan horretarako, 15.000 eurokoa.
Proiektua enkargatu dute dagoeneko, eta bideragarritasuna aztertuko dute jarraian. Aurreratu dutenez, 1200 metro karratu okupatuko lituzke espazioak eta Burgosera doan errepideko partzela batean egongo litzateke, zezen-plazaren alboan. 12-13 autokarabanentzat espazioa atontzea da udalaren asmoa, etorkizunean beste 5 plaza jartzeko aukera zabalik utzita.
Tokiko erakundeak adierazi du Turismo bulegora doan jendeak behin baino gehiagotan adierazi duela horrelako espazioa erabiltzeko interesa. “Udalerrian eragin positiboa izango lukeela aurreikusi dugu, turismoari, merkataritzari zein ostalaritzari begira”.
Duela hiru urte mota horretako aparkalekua egitearen ideia onartu zen udalean, baina egitasmoak ez zuen aurrera egin.
Bestelako inbertsioak
2018. urtean beste inbertsio batzuk egitea ere aurreikusi du tokiko erakundeak. 12.000 euro bideratuko ditu hiri-altzariak berritzera, 25.000 euro igerilekuetara, 15.000 euro skate pista berritzera, 14.000 euro Haurreskolara, 9.000 Jubilatuen Klubeko sarbidea hobetzera, 4.000 hainbat bide publiko berritzera eta 6.000 euro, aldiz, Trasantiagoko ingurunera. Horrez gain, Milanoseko zabortegia zigilatzea aurreikusi du udalak, 35.000 euro baliatuta.