Glaukomak, Radio Revolucionek eta Akerbeltzek dantzan jarriko dituzte Otxomaioak

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko api. 20a, 18:30

10 egunez luzatuko dira Otxomaioak Urduñan, kale-giroa izango da nagusi / Aiaraldea.eus

10 egunez luzatuko dira Urduñako Otxomaioak. Hamaika ekintzek jantziko dituzte herriko jaiak eta musika izango da protagonista naguisa, besteak beste, Glaukoma taldeak joko du Foru Plazako oholtza gainean. Horretaz gain, kale-animazioa, antzerkiak, herri-bazkariak eta zezenketak ez dira faltako.

Aurkeztu dute aurtengo Otxomaioen egitaraua. Adin guztientzako egitarau oparoa osatu dute jaiek iraungo duten 10 egunetarako. Orotara 70 ekintza baino gehago egongo dira.

Maiatzaren 4ean, ostirala, emango diote hasiera 2018ko Otxomaio jaiei. Aintzane Okeranzak izango du txupinazoa botatzeko ohorea Jai Batzordeak horrela erabakita. Oso ezaguna eta maitatua da Aintzane Okeranza herrian, bereziki lorategiak zaintzen egiten duen lan bolondresagatik. Okeranzarekin batera Urduñako Gazte Asanblada izango da pregoilaria. Gazte Asanbladak 20. urteurrena ospatu du aurten eta pregoilari izateko herri galdeketan boto gehien lortu dituen eragilea izan da.

Luhartz erromeriak girotuko du lehenengo gaua 22:00etan Foru Plazan eskainiko duen kontzertuarekin. "Parranda Gaua" ordu txikiak arte luzatuko da Bak Festa elkarteko DJ-en eskutik.

Maiatzaren 5 jaien lehenengo larunbata izango da eta lehenengo ordutik egongo da egitaraua mrtxan. Haurren arrantza lehiaketa eta tortilla lehiaketak goiza hartuko dute. Arratsaldean dantzak hartuko du protagonismoa Erauntsi Dantza Taldearen ikuskizunarekin eta Santa Cecilia Musika Bandaren Dantzaldiarekin.

Reggae gaua

Maiatzaren 5eko gauean reggae musikak hartuko du Foru Plazako oholtza. Suaia eta Ama Rebel talde berriak eta bere aldarrikapen mezuek emango diote hasiera gauari. Jarraian, Glaukoma talde tolosar ezagunak dantzan jarriko du Urduña.

Maiatzaren 6an, Otxomaioek ez dute atsedenik hartuko. Egun horretan antolatuko da ohiko pil-pil erako bakailao lehiaketaren XXXVII. edizioa. Kale antzerkiak, Taekowondo erakustaldiak eta Dantza Plazak emango diote bukaera egunari.

Joselu Anaiek asteleheneko iluntzea girotu ostean gogotsu esnatuko da Maiatzaren 8a, jaien egun handia. Musika, animazioa, erraldoi eta bruhandiak, dantzak eta kale-antzerkiak eguna jantziko dute. Kosmos berbenak girotuko du arratsaldea.

Ume zein adinekoak plazara

Maiatzak 9 eta 10 ume eta adinekoen egunak izango dira hurrenez hurren. 9an gaztetxoenek herri-bazkariaz, puzgarrietaz eta Kantu Kolore erromeriaz disfrutatuko dute. Adinekoen herri-bazkariak ere zentralidadea hartuko du ostegunean

Ekintzaz betetako bigarren asteburuak amaiera emango die Otxomaioei. Ostiralean jai-koadrilek afaria egingo dute Foru plazako arkupetan eta Akerbeltz erromeriak alaituko du gaua.

Larunbatean kantu-poteoan esnatuko dira urduñarrak eta herri-bazkaria egingo dute, urtero bezala, Gernika Plazan. Arratsaldean Gernika Plaza izango da protagonista ere, bertan burutuko baita aurresku eta fandango lehiaketa. Gauean aiaraldearrak izango dira Foru Plazako oholtzan, Radio Revolucion 'cumbia' taldea zehazki. Reggeak ere berriro izango du lekua eszenatokian Mr. Pongo Band-en eskutik.

Bihotzaren erreketak agur esango die jaiei

Igandean, maiatzak 13, agur esango diote aurtengo Otxomaioei. Herrian zehar, Erauntsi Dantza Taldeak eta Akelarre Txarangak girotutako erraldoi eta burhandien kalejira ostean, Foru Plazan erreko dute Bihotza, Otxomaioak hurrengo urterarte agurtuz.

Ivan Fandiño gogoan

Omenaldi berezia egingo diote Ivan Fandiño toratzaile urduñarrari Otxomaioen testuinguruan. Ekainean zendu zen Fandiño, zezen batek harrapatu ostean. Apirilaren 28an abiatuko dira bere omenezko ekitaldiak Familia Sakratuaren elizan egingo den kontzertu eta dantza erakustaldiarekin. Maiatzaren 6a izango dira toreadore urduñarraren aldeko ekitaldi nagusiak: Ivan Fandiñoren ohorezko bustoa inaguratuko da eta bazkaria egongo da aduanako bainuetxe-hotelean.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide