Orduña futbol klubak zenbait klubetatik bolo-bolo dabilen zurrumurrua gezurtatu du: "2018/2019 denboraldian ez da desagertuko gure emakumeen taldea". Azaldu dutenez, klubean 15 urte daramatzate emakumeen artean futbola sustatzen, "eta horrela jarraituko dugu". Maitane Sobrón ‘Txiti’, Emma Ferreira eta Ekiñe Zorrilla izan dira taldea uztea erabaki duten kideak.
Taldea, ziurtatuta
Gaizki-ulertuak saihesteko, zuzendaritzak argitu duenez, denboraldiz denboraldi hitz egin dute taldeko kide guztiekin: "Ez dago eragozpenik lan honekin jarraitzeko, hurrengo denboraldirako nahikoa jokalari ditugu. Denboraldi amaieran badira arrazoi ezberdinengatik futbola uztea erabakitzen duten kirolariak, baita gure klubera batzen direnak ere". Hori dela eta, emakumeen futbol taldean parte hartu nahi duen orori ireki dizkiote ateak, "beso zabalik itxarongo dugu". Izena emateko klubarekin jarri behar da harremanetan.