Nola sortu zen Morrillona?
Ni baino lehen beste bi morrilloi egon dira. Biak ezagutu nituen, lagun onak ziren. Joaquin Ibañez zen horietako bat. Tertangan bizi zen eta oso parrandazalea zen. Jose Luis Biguri bere lagun mina zen, eta bera egon ezean ez zen jaistera ausartzen. Soka batetik zintzilik jaisten zen, inolako arnesik gabe. Hainbat urtez egon zen Morrilonaren papera egiten, zendu zen arte.
Berak sortu zuen orduan Morrillona?
Lagunartean bururatu zitzaien ideia, koadrilakoei. Bi urte zeramatzan Gasteizko Zeledoiak hiriburuko jaiei hasiera ematen, eta Urduñan antzeko zerbait egitea bururatu zitzaien. Horrela hasi ziren, gaur egun arte. Ni ume bat nintzen garai hartan. Joaquin hil zenean, Avelino Fernandezek hartu zuen Morrillona izatearen ardura, eta hainbat urte egon zen lan hori egiten. Beldurra zien altuerei, eta oso gaizki pasatzen zuen. Bera hil zenean niri proposatu zidaten, eta orduz geroztik nago Morrilloi gisa. Bainuetxe hotelaren erditik botatzen naiz.
Prestaketa berezirik behar da horretarako?
Ez. Lehen Urduñako mendizale batzuk arduratzen ziren tirolina jartzeaz. Orain, aldiz, Bilboko enpresa pribatu bat dator lan hori egitera. Aseguru bat dute. Aurretik soka ondo dagoela ziurtatzen dute eta egun osoa daude ekitaldia zaintzen.
“Kanpotik jendea etorri da Morrillona ezagutzera”
Zein da, orduan, Morrillonaren funtzioa?
Egun osoko kontua da, txupinazoan hasten dena. Umeekin kalean gora eta behera joatean datza Morrillonaren funtzioa. Nagusien etxera eta baselizara ere joaten gara. Gelditu gabe igarotzen ditut jaietako hiru egunak.
Morrillona baino lehen, nolakoak ziren Kale Barriako jaiak?
Antzinan, herri bakoitzari jai-egun bat zegokion. Baina galtzen ari dira mota horretako festak. Jendeak parranda egin nahi du, baina ez du lan egin nahi. Morrillona izatea eskatu zidatenean etxean eztabaidatu nuen proposamena. Emazteak eta alabek ez zuten argi ikusten. “Beti zaude ergelarena egiten”, esaten zidaten. Nik erantzun nien ergelarena egingo zuen norbait ez bazegoen jaiak bertan behera geratuko liratekeela. Norbaitek egin behar du paper hori.
Lehen urtea oroitzen dut. Nire alabak oporretan joateko asmoa zeukan, baina ez zen joan bainuetxetik behera jaisten ikusi ninduen arte.
Zuk ez duzu bertigorik, ez?
Ez, inola ere ez. Jaitsieraren zatirik zailena leihotik atera eta jaitsiera puntura arte iritsi artekoa da. Irristatu egin behar zara, erdi lotua zauden bitartean. Usoen aurkako arantzak daude, gainera. Hori da txarrena.
Argitasun handia dago, baina jendeak ikusi dezan. Niri itsutu egiten naute fokuen argiek, ez didate ondo ikusten uzten.
Hortik aurrera, baina, askoz errazagoa da dena. Tirolinatik jaisten zara, eta listo.
Noiz arte duzu Morrillona izaten jarraitzeko asmoa? Belaunaldi aldaketa bermatua dago?
Jai batzordeak egoki ikusten badu, ni prest nago Morrillona izaten jarraitzeko, osasunak uzten didan bitartean. Baina beharrezkoa da atzetik norbait egotea, belaunaldi aldaketa bermatzeko. Jaia desagertu egingo da bestela. Kale bateko jaia da, eta hurrengo Morrillona ere kalean bizi den norbait izatea izango litzateke egokiena.
Arazoa honakoa da: Morrilonak ergelarena egin behar duela, hori baita bere funtzioa, jendea dibertitzea. Gustatuko litzaidake erreleboa izatea. Azken urte hauetan saiatu izan gara jende gaztea jaien antolakuntzan inplikatzen: boletoak saltzen, parrillada prestatzen... baina denetariko jendea dago. Gazte batzuk badute interesa jaiari jarraipena ematean, baina beste batzuei bost axola zaie.
Hala ere, aipatu beharra dago iazko jaitsieran jende andana egon zela, nahiz eta Amurrio eta Laudioko jaiekin kointziditu zuen. Horregatik uste dut garrantzitsua dela festa hau ezagutzera ematea, kanpoko jendea ere bertaratzera animatu dadin. Iaz nire Logroñoko lagun batek jaitsieraren bideo bat bidaltzeko eskatu zidan, bere lagunek ez zutela Morrillonaren afera sinesten; eta aurten 20 lagun etorriko dira Logroñotik jaitsiera ikustera!