Urriaren 12an abiatuko da Urduñan 2018-2019 denboraldiko ziklokros egutegia

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko urr. 4a, 07:30

Aurten ere antolakuntza maila altuari eutsi eta parte-hartze markak apurtzeko asmotan dator Laudioko Nazioarteko Ziklokrosa. / Aiaraldea.eus

Euskal Herriko federazioak 2018-2019 ziklokros denboraldirako egutegia kaleratu berri du. Urduña izango da neguko denboraldiaren abiapuntua. Euskal-zirkuituak bigarren zita bat izango du Aiaraldean, urriaren 27ko Laudioko Nazioarteko Ziklokrosean.

Azken urteetan bezala, Urduñan egingo dute txirrindulariek ziklokros denboraldiko lokatzera jauzi. Bertan jokatuko da Euskal Herriko Federazioak prestatutako ziklokros egutegiko lehenengo lasterketa, urriaren 12an.

Urduñako Txirrindulari Elkarteko kideek hilabeteak eman dituzte proba prestatzen: zirkuitua eta taldeek erabiliko dituzten “box-ak” atontzen.

Eskualdeko kirolariak ere prest daude urriaren 12ko lasterketarako. Iaz ziklokros modalitatean erakutsi zuten maila altuari eusteko erronkarekin datoz aurtengo denboraldira.

Besteak beste, Luisa Ibarrola eta Mikel Beraza aiaraldearrak gailendu ziren iazko edizioetan. Gerora biek lortu zituzten marka oso onak Espainiako Ziklokros txapelketan. Luisa Ibarrola, Espainiako Txapeldun izatea lortzeaz gain, nazioartean ere aritu zen, Munduko Txapelketan.

Datorren ostiralean 11:00etan hasiko da kirol proba. Kadeteak izango dira irteera lerrotik abiatzen lehenak. Elite eta 23 urte azpiko kategoriek itxiko dute eguna, 15:50ean lehiatuko dira. Izena emateko epea zabaldu berri dute, internet bidez egin daiteke.

Laudio, nazioarteko ziklokrosean erreferente
Urriaren 12an Urduñan hasi eta urtarrilaren 6an Ormaiztegin amaituko den ziklokros egutegiak beste behin bisitatuko du eskualdea: Laudioko Nazioarteko Ziklokrosaren XXXI. edizioan.

Urriaren 27an jokatuko da nazioarteko egutegian erreferente bilakatu den lasterketa. Aurten ere Nazioarteko C1 kategoriako norgehiagoka izango da, baita Espainiako Koparako froga puntuagarria ere. Laudioar Txirrindula Elkarteko kideek hilabeteak daramatzate eguna antolatzen. “Goiz eta arrats gaude lan egiten azken edizioetan erakutsitako antolaketa maila altua mantentzeko”, jakinarazi dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide