Ehunka lagun atera dira Urduñako kaleetara hiri horretako eta Amurrioko hainbat neska gaztek azken asteetan jasan dituzten eraso matxistak gogor salatzeko. Erasotzailea Urduñako mutil gazte bat dela adierazi du Aiaraldeko Mugimendu Feministak, "neska gazteak kaletik jarraitu eta iraindu ditu eta haien aurrean masturbatu egin da".
Eraso hauek kasu isolatutzat ez ulertzeko mezua zabaldu dute eragile feministek, "bizi garen jendartearen antolaketa sexista ahalbidetzen duen indarkeria delako".
Honen aurrean geldirik egongo ez direla adierazi dute, "apustu ausartak egiteko garaia dela" eta horrelako erasoei "autodefentsa feministaz" erantzungo dietela.