“Narkotrafikatzaile batek Juan Carlos erregeari oparitutako sakelakoa izan dut hizpide liburuan"

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 2a, 12:00
Kepa Fernendezek jaio zenetik darama Urduñan bizitzen.

KEPA FERNANDEZ (Urduña, 1957) ¿Y comieron perdices? liburua plazaratu berri du. Gaurkotasunezko hainbat gai jorratu ditu bertan.

Argitaratu duzuna liburu autobiografikoa dela diozu. Zergatik?

Beno, Rendirse no es una opción erdarazko liburuan oinarritu nintzen nire obra hau idazteko, eta hasi orduko ikusi nuen nire umetako eskolaratzetik abiatu beharra neukala.

Hortik aurrera, nire bizitzaren taupadak banan banan azaltzearen bide logiko eta naturala agertu zen nire aurrean. Hasi ostean, erraza izan zen autobiografiarena.

Urduñako Santutegitik gora egiten baduzu La Barrera del Tranko bidetik, Txarlazo mendia duzu jomuga, ia ezinbestean. Niri horrelako zerbait gertatu zitzaidan.

Urduñan girotua dago liburua. Asko aldatu al da hiria urte hauetan? Nola islatzen da hori liburuan?

Egia esan, liburua ez dago Urduñan girotua, hiria marko fisikoa baino ez da. Gaia ni neu naiz. Baina Urduña asko aldatu da, ni eskolaratu ninduten egoitza (egun udal zahar-etxe dena) industriaren erabateko desagerpena, tren geltokiak galdu duen garrantzia eta abar luzea.

Gaurkotasun handiko gaiak ere jorratzen dituzu liburuan.

Gehien amorratzen nauena da Juan Carlos erregeak hartu behar zuen gama handiko mugikorraren afera (4.500 eurokoa), narkokapo batek eskaini ziona. Polizia burua Juan Cotino jaun txit ezin nobleagoak (orain kartzelan dagoena, ustezko ustelkeriagatik…) ohar labur batean argi utzi zigun Espainiako demokrazia ezin-demokratagoa “txarlotada” hutsa baino ez dela.

Berak (Juan Cotinok) hala erabakita, sakelako hori (bere zenbaki kodea eta guzti) abiatutako ikerketa polizial horretatik kanpo utzi zuen, narko horri erregeak berak duen zigorgabetasuna  oparituz.

Horrek Espainia herri musulman satrapen altura berdinean uzten du. Eta hemen nabil, datu honi merezi duen oihartzuna eman ezinean. Bitartean, Valtonyc eta politiko katalan batzuk erbestean, eta beste batzuk, berriz, kartzelan. Eta narko baten oparia hartzera zihoan errege ohi hau hor… datu hori gizarteak ez dakien bitartean.


“Ni neu naiz nire liburuaren gaia”



Eta Ángel Salas, Urduñako giza-harakina, errege honen domina ezin ederragoa hartuta, goragalea eragiten duen sarraski hori ekintza heroiko moduan aurkeztuta. Pertsona hori Otxandion agertu zen etsaiaren ikurrak zeramatzan hegazkin batean, herria bonbardatzeko.

Areago, bonba horiek erregaluak izango balira bezala bota zituen. Denok ikusi ditugu pelikula horiek. Arerioaren uniformea daraman militarra, harrapatua izanez gero, bertan fusilatzen dute, bere graduazioa  eta graduazio horren ikurrak kentzen dizkiete. Ba errege ohiak “tiparrako” honi sekulako domina polita eskaini zion. Besterik esan behar al dut?

Non eskuratu daiteke liburua? Zer nolako harrera izan du orain arte?

Beno, ez dakit zer esan, zorionez edo zoritxarrez, baina atera nituen ehun aleak salduak ditut. Baina lasai egon, irakurle. Atera zuen argitaletxearekin hartu emanetan nabil bigarren edizioa ateratzeko asmoz.

Laster batean izango da hori, nire asmoa Aiaraldeko udalerri guztietan (Urduña, Amurrio, Aiara, Artziniega, Okondo, Laudio, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo eta Orozko) aurkeztea da.

Urduñan, normala denez, egina daukat jada aurkezpena. Momentuz, Amurrioko Udalarekin jarri naiz harremanetan eta lehenbiziko harreman hori positiboa izan da. Hortaz,  adi denok, hurrengo edizioa heltzear da…

Baduzu beste libururik egiteko asmorik?

Asmoa dut eta egin dut dagoeneko. Liburu honen jarraipena (Comeré perdices izenekoa) bukatuta baitaukat. Baina, lehenbizi, Juan Carlos, bere mugikorra, narkokapoa eta Espainiak bere morroiei (hegoeuskaldunak barne) emandako ume moduko trataeran ipini nahi dut arreta puntua, mundu guztiak jakin dezan honen berri. Ea zuek eginkizun honetan laguntzen nauzuen…

Beste zer edo zer gaineratu nahiko bazenu…

Ba horixe, Espainiako demokrazia aparteko honetan, narko batek eta erregeak harremanetan  ipintzen dira eta berri hori  “por la cara” ezkutatzen digute.  Gora Espainiako demokrazia… ole!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide