Ekintza ugari antolatu dituzte Urduñan Euskaraldia sustatzeko

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko aza. 8a, 08:56

Ostiralero ari dira zumba saioak egiten Foru plazan. / Aiaraldea.eus

Ostiralero zumba saioak egingo dituzte. Horrez gain, haur eta helduentzat ekintzak egongo dira.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra murgilduko da Euskaraldian Urduña ere. Aurrez, baina, makina bat ekintza antolatu dituzte Ahobiziak eta Belarriprestak elkartzeko. Hilabeteko ostiral guztietan, esaterako, zumba saioa gidatuko du Izaskun del Cerro dantzariak. Foru plazan izango da hori, 17:30etik aurrera. Besteak beste, Euskaraldiko koreografia dantzatuko dute. Azaroaren 16an, ordea, "Kartoizko bandaren entsegua" batuko zaio ekimenari. 17:00etan izango da material birziklatuekin osatutako musika tresnen ekintza. 

Baina zer da Ahobizi eta Belarriprest izatea? Tailer bidez erantzungo diote galderari, azaroaren 12an Alondegian. "18:30-19:30 izango da prestakuntza saioa", adierazi dute Euskaraldiko Batzordeko kideek. Izen-emateak indartzeko, berriz, informazio mahaia jarriko dute Urduñako Mendi Maratoian, baita "photocall-a" ere.

Euskaraldiaren hasiera eta bukaera jaia
Horrez gain, azaroaren 23an eta abenduaren 3an festa banarekin emango diote hasiera eta amaiera Euskal Herriko ekimenari. Azaroaren 23an, 17:30ean jaurtiko dute txupinazoa. Koreografia egin ondoren, herri argazkia aterako dute Foru plazan. Aurreratu dutenez, 18:30etik 19:30era "Euskaraz abestu eta jolastu" tailerra egongo da haur eta helduentzako.

Abenduaren 3an -Euskararen Nazioarteko egunean- Euskaraldiaren bukaera festa egingo dute. Batetik, kartoizko bandaren kalejira egongo da eskolatik Foru plazara, eta bestetik, txokolatadaren ondoren "Puski, Txurruski eta Mariski" ikuskizuna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide