Ekainean egin zuten Aiaraldeko emakumeen lehen topaketa feminista Laudion. Eskualdeko 80 lagunek hartu zuten bertan parte, eta makina bat ideia bildu zituen Faktoriako feminismo lantaldeak eskualdean garatzeko. Azken bi hilabeteak eman dituzte ekintza plana osatzen, eta gaur goizean aurkeztu dute 2018-2020 urteetarako plangintza estrategikoa. Hala, koordinazioa, saretzea, ahalduntzea, indarkeria matxistari aurre egitea eta komunikazioa izango dituzte aurrera begirako lan ildo. Hain zuzen, helburuei erantzuteko ekintza plana partekatu dute Urduñako saioan.
Neguko Topaketa feministan azaldu eta eztabaidatu dugu 2019an eskualdean #feminismoa nola ehundu! @EkintzaFaktoria k sortutako webgune berezia eta intranet feminista ere aurkeztu ditugu:https://t.co/JtlRetXXGm pic.twitter.com/CoXxdzq8q8
— Izar Mendiguren Cosgaya (@itzulipurdika) 2019(e)ko urtarrilaren 19(a)
Feminismoa ehuntzen gogoeta kolektiboan oinarritu dira Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kideak proposamena eratzeko. Prozesua, baina, luzeagoa izan da: diagnostikoa zehaztu zuten iragan apirilaren 14an Feminismoa Aiaraldean jardunaldian, eta Aiaraldeko Topaketa Feministan eman zioten bide lehentasunak ezarri eta lan ildo zein helburuei erantzuteko ekintzak proposatzeari. Udaren ondoren, mikromatxismoak jorratzeari ekin zioten, Horma ikusezinak, indarkeria matxistaren arrakalak dokumentala ekoitzita. Ondorengo pausoak ezagutarazteaz gain, komunikazio, saretze eta koordinazio beharrei erantzuteko bi tresna aurkeztu dituzte gaurkoan: atari berezia eta Intraneta.
2019ko erronkak
Honako ekintzak lehenetsi dituzte 2019an zehar garatzeko: eragileen lana ikustarazteko"Feminismoaren Agenda", memoria historikoari heltzeko Aiaraldeko tribial feminista, adin eta kultura ezberdinetako emakumeak batzeko "Munduko janak" dinamika, Aiaraldeko emakumeen bigarren topaketa feminista, ahalduntze eskola, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historiaren dosierra... Dena den, beste zenbait jarduera ere aurreikusi dituzte, unean une azalduko dituztenak.
Horrez gain, 2020 bitartean garatzeko zenbait proiektu mahaigaineratu dituzte. Jardunaldiko partaideek lan-taldeetan egin dizkiote ekarpenak proposamenari lehenbizi, eta guztien artean partekatu dituzte ondorioak gero.
Neguko Topaketa Feministetan elkartu gara gaur Urduñako Alondegian urteko erronkei heltzeko, 2019 feminista ehuntzeko #feminismoa #bizitzekoFaktoria pic.twitter.com/ltNJlYCm86
— Aiaraldea Ekintzen Faktoria (@EkintzaFaktoria) 2019(e)ko urtarrilaren 19(a)
Saretzeko tresnak
Koordinazio eta saretzeko gune birtual zein fisikoak sortzea izango da, besteak beste, aurtengo erronketako bat. Komunikazio alorrean bi tresna erabilgarri jarri ditu Faktoriak eskura dagoeneko, eta bi hilero plazaratuko den "Feminismoaren agenda" izango da hurrengo pausoa. Gainera, aldizkari digital edo buletina ekoizteko asmoa jakinarazi dute Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko feminismo taldeko kideek.
Guzti horretarako taldea indartzeko gonbita luzatu diete emakume aiaraldearrei, proiektu guztiak bideratzeko hilean behin egiten dituzten bileretara batzeko aukera emanez. Informazio gehiago jasotzeko feminismoa@aiaraldea.eus helbidera idatzi liteke mezua.
Aiaraldea Ekintzen Faktoriako egitasmo komunitarioak herritarren bazkidetza eta ekarpenei esker gauzatzen dira. Bazkidetzei buruzko informazioa jasotzeko egin klik hemen.