“Nire ama txurro-saltzaile aritzen zen gurdiarekin, horrela iritsi zen Urduñara”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko api. 29a, 07:00

Juana Santiago Cordovillak urteak daramatza txurro saltzaile gisa lan egiten.

JUANA SANTIAGO CORDOVILLA (Bilbo, 1959) txurro saltzailea hautatu dute aurtengo otxomaioetako txupinero izateko.

Otxomaioetako txupinero izendatu zaituztete. Nola jaso duzue albistea?

Udaletik deitu nindutenean pentsatzen nuen Aste Santuan postua jartzeko baimenaz hitz egiteko zela. Harritu egin nintzen Otxomaio jaietako txupina  jaurtitzeko hautatu gintuztela esan zidatenean. Horrenbeste preziatzen gaituzte Urduñan? Nik jende asko ezagutzen dut hirian, baina Urduñara Pazko Astean eta jaietan baino ez goaz. Arraroa iruditu zitzaidan.

Ilusioz hartu zenuten orduan?

Noski. Nire ama duela bi urte zendu zen, eta sekulako ilusioa egingo lioke. Asko hunkitzen naiz, nire ama oso urduñarra zelako, aspaldi denbora asko igarotzen genuelako bertan, ni gazteagoa nintzenean. Baditut garai horretako lagunak, hiru hilabete igarotzen genituela Foru plazan. Txurro-denda bat genuen bertan, berde kolorekoa. Jende askok du gogoan. Astebururo irekitzen genuen eta jende oro ezagutzen genuen, eta nire amak are gehiago. Garai hartan jendeak dendetan erosten zuen, ez zen supermerkatuetara joaten. Plazan igarotzen genuen eguna, jolasten.

 

"Nire amonak txurro-denda bat zeukan, Guda Zibilaren urteetan"



Nondik dator Urduñarekin garatu duzuen harreman hori?

Nire amonak txurro-denda bat zeukan, Guda Zibilaren urteetan. Asuakoa zen bera. Garai hartan elikagai behar handia zegoen. Horregatik, lau oholekin eta sartagin batekin txurroak egiteari ekin zion. Nire gurasoak ezkondu zirenean langabezia handia zegoen. Aita beira fabrikan lan egiten hasi zen, eta amak txurroak egiteari ekin zion, ofizioa ikasia zuelako amonarekin. Gurdia eta astoa hartuta zioan herri batetik bestera, erromeriaz erromeria. Duela 70 urte inguru izan zen hori. Horrela iritsi ziren otxomaio jaietara.

Ni 14 urterekin hasi nintzen txurro-dendan lanean. Jendeak txurroak jaten zituen, ez zegoelako gaur egun dagoen aukera aniztasuna. Urduñako pertsona nagusi guztiek ezagutzen gaituzte, horregatik hautu gaituzte, seguru asko, txupineroak izateko.

 

"Ni 14 urterekin hasi nintzen txurro-dendan lanean. Jendeak txurroak jaten zituen, ez zegoelako gaur egun dagoen aukera aniztasuna"



Nola aldatu da zuen ofizioa azken urteetan?

Lehen jaietan txurroak, gozokiak eta beste lau gauza baino ez zeuden. Orain, aldiz, denetarik dago.

Lehen jaiak sekulakoak ziren, jende andana zegoen gora eta behera. Orain, aldiz, jendea txosnetan geratzen da eta jende nagusia ez da lehen bezala ateratzen. Giroa ezberdina da.

Aurtengoak jai bereziak izango dira zuentzako, ez?

Nik lan egin behar dut. Suziria piztu eta txurroak saltzera joango naiz segituan, hori da nire bizitza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide