Festetan ere eraso matxistak salatzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Mugimendu Feministak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 3a, 12:16

Atzo izan zen Urduñan Aiaraldeko Mugimendu Feministaren agerraldia. / Aiaraldea.eus

Eraso matxistak salatzeko 24 orduz telefono bat jarriko dute eskura otxomaioetan: 688752784. 

Eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu zuen atzo Mugimendu Feministak Urduñan. Otxomaio jaietako bi asteburuetan egongo da martxan salaketa telefonoa, baita otxomaio egunean ere: "Iaz bezala eraso matxistak salatu eta erasotuari babesa eskaintzeko 24 orduz egongo da erabilgarri telefonoa". Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideen esanetan, ezinbestekoa da ahalduntzerako sare eta tresnak sortzea, "guk ere jaiez gozatu nahi dugulako".

Zentzu horretan, festa giroan, lanean edo etxera bidean emakumeek bizi dituzten egoerak salatu dituzte: "Ez dugu atzera begira joan nahi, ez ditugu babosoak gure espazioetan onartuko. Emakumeok* geroz eta argiago daukagu, (in)justizia patriarkalaren gainetik guk sinisten zaituztegu!". Hala, matxismoaren eta sistema heteropatriarkatuaren aurkako arma eraginkorrena autodefentsa feminista dela azpimarratu dute. "Kaleak, plazak eta jaiak gure ere egiten ari gara, pairatzen ditugun zapalkuntza guztiak erdigunera ekarriz", adierazi dute prentsa oharrean. "Ahalduntzeko, jakintzak partekatzeko, aliatzeko, elkarrekin boteretzeko eta askeago izateko gozamenez bete ditzagun plazak, etxeak eta kaleak". 

24 orduko arreta eta salaketa telefonoa
Iaz bezala, 24 orduz egongo da emakumeen eskura Aiaraldeko Mugimendu Feministaren salaketa telefonoa. Zehazki, maiatzaren 3an, 4an, 5ean, 8an, 10ean, 11n eta 12an eskainiko dute zerbitzua. "Jaietan aske gozatu nahi dugulako, gora borroka feminista!".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide