"No eres de Orduña... / Ez zara Urduñakoa" Facebook taldea ireki dute berriro, kudeatzaile eta arau berriekin

Aitor Aspuru Saez 2019ko aza. 20a, 11:59
Taldearen itxura berria./ Aiaraldea.eus

Aitor Martinez sortzaileak lan talde berri baten esku utzi du Facebook taldearen kudeaketa. Arauak zehaztu eta plazaratu dituzte eta euskarari ere garrantzia gehiago emango diote.

Tarte batez itxita egon ostean, "No eres de Orduña..." Facebook taldea itzuli da. Izen eta kudeatzaile berriak ditu eta orain "No eres de Orduña.../ Ez zara Urduñakoa..." da.

Aitor Martinezek behin-behineko itxiera iragarri zuen hausnarketa egiteko. Bolada horretan hiriko erakunde eta elkarteekin jarri da harremanetan eta herritar talde batek hartu du egitasmoaren kudeaketaren ardura. Horretarako, "Honi buruz" atalean zehaztu dute bere erabilera zein den.

"Taldea sortu nuen Urduñako leihoa izan zedin mundura begira, baina azken aldian bilakatu zen kexak eta eztabaidak argitaratzeko tokia eta erabat deskontrolatu zen. Helburua ez zen hori" azaldu du urduñarrak. Euskarari ere atentzio gehiago jarriko diote arduradun berriek.

"Kudeatzaile berriek elkarbizitzarako arauak argi jarri dituzte eta laster esteka batzuk jasoko dituzte, nahi duenak bere kexak eta iradokizunak dagokion helbidera bidali ditzan" aurreratu du sortzaileak.

Polemika eta babesa
Momentuz, Aitor Martinezek erabaki du atsedena hartuko duela taldearen kudeaketan: "esan bezala, "No eres de Orduña" ez nuen abiatu jendeak eztabaidatzeko eta mokoka aritzeko, baizik eta Urduña erakusteko. Horregatik betoa jarri nien zenbait gairi: zezenketei, adibidez. Horrek kritika asko ekarri dizkit eta batzuek seinalatu naute herrian. Errespetu faltak ere jasan ditut."

Hala ere, sortzaileak azpimarratu nahi du ehunka babes mezu ere jaso dituela modu pribatuan: "politena izan da ikustea ez bakarrik herriko jendeak, baizik eta kanpoan bizi dena ere animoak eskaini dizkidatela. Argentina, Mexiko, Estatu Batuak, Txile... leku askotatik idatzi didate. Estatu espainiarreko ia txoko guztietatik ere egin dute. Historia hunkigarriak daude horren atzean maiz; batzuk kanpora joan ziren bizitzera edo bere familia hemengoa da, baten batek Urduñan egin zuen zerbitzu militarra edo hirian ikasi zuen."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide