Coplasva enpresa ez da Urduñara mugituko eta Amurrion geratuko da azkenean

Aitor Aspuru Saez 2019ko aza. 27a, 12:55

Urduñako industriaguneko Elkartegia./ Urduñako Udala

Urduñako Udalak jakinarazi du Coplasva enpresa ez dela udalerrian instalatuko. EH Bilduk leporatu dio EAJri bere hauteskunde kanpainan baliatzea gertatu ez den leku aldaketa, eta jeltzaleek azaldu dute enpresak berak iragarri zuela asmo hori, ez alderdiak.

Amurrion geratuko da Coplasva enpresa, ondorioz, ez da Urduñara mugituko. Horrela iragarri du tokiko udalak. Maiatzean zabaldu zen Saratxon kokatuta dagoen lantegia Bizkaiko hirian instalatuko zela, baina azkenean ez da horrela izango.

Udalak azaldu du zenbait aldaketa egin dituela enpresak erakartzeko, adibidez, ekonomiaren aktibatzeari lotutako tasak eta zergak arautzen dituzten ordenantzetan. Horrela, 200.000 eurotik gorakoak diren eta lanpostuak sortzen dituztela frogatzen duten enpresa-ekimenek %50eko hobaria izango dute zergan.

Ugal Gobernu Taldea lau aldiz elkartu zen enpresako zuzendaritzarekin, ekainaren 20an, uztailaren 12, abuztuaren 2an eta 8an.

Halaber, jarduera ekonomiko berriak industriagunera hurbiltzeko lanean jarraituko duela adierazi du tokiko erakundeak. Edonola ere, udalak argitu du Amurrion eskaintza ekonomiko hobea lortu duela Coplasvak.

EH Bilduk leporatu dio EAJri gaia hauteskundeetan baliatzea
EH Bilduk prentsa oharra zabaldu du salatzeko EAJk Coplasva enpresaren ustezko leku aldaketa hauteskundeetan erabili zuela bere mesederako: "EAJko buruek beren gestioen ondorioz Coplasva ekarri zutela iragarri zutenean, enpresaren etorrera hauteskunde kanpainako arma gisa erabili zuten. EH Bilduren aurkako tresna gisa erabili zuten enpresaren etorrera, diskrezioz jokatu ordez, erabaki gabe zegoena lau haizetara zabalduz".

EH Bilduk oharrean gaineratu duenez, enpresaren iritsieraren iragarkia hauteskunde kanpaina betean eman zen: "Albistea efektu kolpea izan zen, alderdi jeltzaleak ez zuen aukera alferrik galdu eta pabilioi berria eraikiko zen orubearen aurrean bere hautagaien argazkiak argitaratu zituen. Hori gutxi balitz Urduñako EAJk alderdiaren facebook orrian lanpostu berriak betetzeko lan eskaintzak iragartzera ere heldu zen. Urduñan EAJren udal kanpainaren ardatza izan zen albistea". 

Koalizioak aipatu du enpresarekin zenbait bilera egin ostean, gerentziak adierazi diola udalari Amurrion mantenduko dutela negozioa.

Jeltzaleen erantzuna
Iñaki Cuadra EAJko buruak argitu du bere alderdiak ez zuela zabaldu Coplasvaren leku aldaketa hauteskundeetan: "EAJk ez zuen erabakiaren berri eman, Coplasva enpresako kudeatzaileak berak jakinarazi zien hedabideei. Guk berarekin azarotik egin genituen bilerak Urduñara mugitzeko, Azpiegituraren laguntzaz, baina enpresako zuzendariak zabaldu zuen bere asmoa, ez guk".

Halaber, Cuadrak azpimarratu du EAJk ezin zuela ezer gehiago egin, zergen eta arauen kudeaketa Udal Gobernu Taldearen ardura baita. Zentzu berean, EH Bilduri leporatu dio interes falta enpresaren gainean egoteko eta laguntzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide