Urduñan grabatzen hasi ziren “Alardea” telesaileko hamar kide gaixorik daude eta batek positibo eman du koronabirusagatik

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 19a, 07:30

Ostiralean egon ziren Urduñan grabaketak egiten. / Urduñako Udala

Ostiralean egon ziren grabatzen Urduñan, eta larunbatean jakin zuten lantaldeko hiru kide koronabirusaren sintomekin zeudela. Itziar Ituño aktorea da gaixotuetako bat, sare sozialetan aitortu duenez. Euskal Aktoreen Batasunak gogor kritikatu du ETB, Mediapro eta K2000en jokabidea.

Euskal Aktoreen Batasunak prentsa oharra plazaratu zuen atzo ETBren Alardea telesailaren ekoizpenean jazotako zenbait gauza salatzeko. Oharrean zehazten denez, telesail horren grabaketan parte hartu duten hamar kide gaixotu dira, eta horietako batek positibo eman du koronabirus azterketan (gainontzekoei ez diete proba egin).

Azaldu dutenez, larunbatean jaso zuten lantaldeko hiru kide Covid-19aren sintomekin zeudenaren albistea. Ostiralean Urduñan grabaketak egiten aritu zen lantaldea.

Hargatik, gogor kritikatu dute ETBk erakutsitako jarrera: “Ekoizpeneko arduradunek ez zieten ez aktoreei ez eta lantaldeko gainontzeko langileei egoera honen berri eman. Informazio gabezia honek ardura eta beldur egoera sortzen du lantaldean, ekidin zitekeen zerbait ekoizpena bertan behera utziz, beste ekoizpen batzuekin egin zen bezala”. Oharren kontatzen denaren arabera, igande gauera arte luzatu zen egoera hori, orduan jakinarazi zitzaielako langileei ekoizpena bertan behera geratzen zela.

Horrek lantalde osoaren eta ingurukoen osasuna arriskuan jarri zuela uste dute Euskal Aktoreen Batasunako kideek. Gauzak hala, ETB, Mediapro eta K2000ren “arduragabekeria eta enpatia falta” salatu dituzte, “erabaki horrek edo erabaki ezak arrisku egoeran jarri duelako lantaldeko osasuna eta bizia”.

Itziar Ituño (La Casa de Papel telesailagatik ezaguna bihurtu den aktorea) da gaixorik dagoen langileetako bat, instagramen kontatu duenez.

Hemen irakurri daiteke oharra osorik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide