Aste Santuak ez-ohiko irudia utzi du Urduñan. Ez bakarrik prozesioak ez direlako egon. Turismoa ere eten da. Covid-19 birusa dela-eta, etxealdia luzatu da; eta negozio ugarik itxi behar izan dituzte ateak. Turismo sektoreak ere. Alabaina, Orduña apartamentuak udalaren eskura utzi du bere espazioa.
Tokiko erakundearekin harremanetan jarri ziren azpiegitura eskaintzeko. Itziar Biguri Ugarte alkateak azaldu duenez, beso zabalik jaso zuten berria: "Toki batzuetan hoteletan ari dira geratzen gaixo edo langileak. Urduñan beharrik balego, apartamentuak uzteko prest zeudela esan ziguten". Ministeritzan aukera ziurtatu, eta Urduñako edadetuen egoitzako beharginei eskaini zieten berrogeialdia Urduñan bertan igarotzeko aukera, "eta pertsona batek agertu zuen interesa". Urduñan ez ezik, inguruan ere azaldu da beharra: "Arespalditzako zaharren egoitzako zuzendariak deitu zigun, eta Aiarako langile bat ere etorri da Urduñara", aipatu du alkateak. Urduñako etxez-etxeko behargin eta aterpetxeko hezitzaileei ere luzatu diete aukera, eta asko eskertu dute, gobernuburuaren esanetan.
"Urduñako azpiegitura eta baliabideak herritarren eskura jarri nahi ditugu, beste behin ere. Jabearen ekimenez, doan utzi dituzte apartamentuak, eta udalak kudeatuko ditu. Gastu orokorrak gure gain hartuko ditugu, ordea: ura, argindarra eta garbiketa". Beharra duen orok bulegoak@urduna.com posta elektronikora bidali behar du mezua, udalak kasua eta eskura dituen baliabideak baloratzeko.