Koronabirusak 4 lagun kutsatu ditu Urduñako Nagusien egoitzan. Hala baieztatu du Urduñako Udalak, sare sozialen bidez. Itziar Biguri Ugarte alkateak langileen ahalegina eta familien jarrera eskertu ditu: "Birusak ahalik eta eragin txikiena izateko lanean jarraituko dugu. Zentzu horretan, egoitzako langileen ekarpena ezinbestekoa da".
Martxoaren hasieratik, maskarekin lanean dihardute Urduñako Egoitzako langileek. "Egunero kontrolatzen dituzte tenperaturak erabiltzaile eta langile guztiek, baita sintomak ere", adierazi dio gobernuburuak Aiaraldea Komunikabideari. Garbiketa sistema ere bikoiztu dute, prebentzio neurriak indartze aldera: "Langileak sekulako lan ona egiten ari dira. Protokolo guztiak daude martxan, baina gauzak oso ondo eginda ere, gertatu zitekeela jakina zen". Hain zuzen, erabiltzaileen bisitak etetean bideo deien sistema abiatu zuten: bi egunero telefono deiak egiten dituzte, eta bost egunean behin bideo deia.
Hirian, neurri gehiago
Urduñarren bizi kalitatea bermatu ahal izateko, bestelako neurriak ere hartu ditu udalak. "Kale garbiketaren enpresak garbitzen du hiria, baina suhiltzaile boluntarioek astean behin desinfektatzen dituzte kaleak ere, ura eta lixibekin".
Larrialdi egoera luzatu daitekeela eta, bestelako neurriak ere ezarri dituzte. Esaterako, Gizarte Zerbitzuak arreta indartu du: "Oso lanketa ona egin da. Familiei astero deitzen diete Gizarte Zerbitzuetako langileek euren egoera eta beharrak ezagutzeko; eta janari banaketa ez da geratu". Are, produktu freskoak gehitu dizkiete entregei; barazki eta frutak kasu: " Egoera luzatzen ari denez, osasun eta ongizatea bermatzeko elikagai pakete aldaketa egin genuen, jaki fresko eta garbitasun produktuekin". Etxez-etxeko laguntza ere areagotu dute, Eguneko Zentroko herritarrei ordubeteko laguntza eskainita, "ahalik eta jende gehiena lagundu ahal izateko".