Aste honetan ospatuko dira Urduñako Otxomaioak, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak baldintzatuta, hori bai.
Maiatzaren 7ko Urduñako Txirrindularitza Elkarteak egingo du, pregoia irakurri ostean, 21:00etatik aurrera; txupineroa, berriz, Mari Carmen Diaz de Lezana txirrindularia izango da.
Ekintza hori Erauntsi dantza taldearen ekitaldiarekin batera egingo da, eta dantzariak udalerriko hainbat gunetan kokatuta dira. Udalak adierazi duenez, aurtengo ekintza guztiak balkoietatik egingo dira, eta kaleetara ez jaistea eskatu dute. Jaien zuzeneko emisioa egiteko, Otxomaio 2020 irratia atondu du tokiko erakundeak. Bertatik jaso ahalko da programako ekintza guztien berri, 107.1 FM frekuentzia sintonizatuta.
Ostiralean, maiatzak 8, Urduñako Andra Mariaren egunean, meza nagusia eskainiko dute streaming bidez, 11:00etan. Eguerdian, “Txalope Etxea” abestia entzungo da balkoi eta leihoetatik, Getxa Goi txistu taldearen eta Urduñako Santa Zezilia musika bandarekin.
Arratsaldean, 13:00-15:00 eta 17:00-22:00 tarteetan, kale animazioa egingo dute DJames, Juanma, VAR-RO, Ttarttalo eta RA DJ urduñarrek.
Hurrengo eguna, umearen eguna, Batibombaren kalejirarekin hasiko da, Bihotza Konpartsaren eskutik, 11:00etan. Bitartean, 10:30etik 14:00etara, 1 eta 13 urte arteko umeentzako gozoki poltsak banatuko dira Foru Plazako azoka txikian.
14:30ean umeentzako bazkaria egingo da balkoietan. Arratsaldea haurrentzako DJen kalejirarekin hasiko da, 16:30etatik aurrera. Amaitzeko, Placton taldeak kontzertua emango du Foru Plazako balkoi batetik, 20:30etik aurrera.
Azkenik, maiatzaren 10ean euskal dantzak egingo dira balkoietan, eguerdian. Ondoren, Bihotza konpartsak kalejira egingo du 18:00etan. Zazpietatik bederatzietara Siroka taldeak joko du Foru plazako balkoi batetik. Bukatzeko, 21:00etan, Bihotzaren erreketa egingo da, jaiei amaiera emateko.
Udalak egun hauetan banatuko dituen ikurrak balkoietan jartzera animatu dituzte hiritarrak. Banderekin batera, Bihotzaren laminak emango dira, 10eko ekintzan parte hartzeko. Lamina bat utziko da etxe bakoitzeko. Hala ere, bat baino gehiago nahi izatekotan Arantza eta Mahor liburu-dendetan eskatzeko aukera dago.