Mari Carmen Diaz de Lezana izan da txupina piztean omendua, eta Urduñako Txirrindularitza Elkarteak irakurri du pregoia. Ekitaldi berezia izan da, Foru plaza hutsik baitzegoen. Pregoilariek bizikletaren garrantzia eta Mari Carmen Diaz de Lezanak egindako lana izan dituzte hizpide.
Otxomaio Irratitik zuzenean emititu dute txupinazoa. Hala, hiritarren mezuak irakurtzen aritu dira tarte batez, baita atzerrian dauden urduñarrenak ere. Hain zuzen, 23 lurralde baino gehiagotatik jaso dituzte zorion mezuak, antolatzaileen esanetan.
Suziria lehertu aurretik, Erauntsi taldeko kideek kale guztietan dantzatu dute arin-arina. Ondoren, Bihotza konpartsakoek kamioi gainean egin dute kalejira Alde Zaharreko kaleetatik eta hiriko auzoetatik.