Nork imajinatuko lituzke herriko festak kaleak hutsik? Urduñar gehienak oso pozik azaldu dira bizitako Otxomaio jaiak direla eta. Horren lekuko izan dira, behintzat sare sozialak. Etxetik, Otxomaio Irratiaz gain, hamaika jardueraren lekuko izan dira.
"Inoiz ez nuke pentsatuko bizitzan kalejira bat bakar-bakarrik egingo nuenik, kalea erabat hutsik edukita eta Otxomaio jaiak izanda", dio Lander Otaola Solatxi trikitilariak. Normalean jende mordoa izaten du atzetik, "baina hala eta guztiz ere, bizitzan izan dudan esperientziarik aberasgarriena eta ederrena izan da hauxe, oso gomendagarria".
Berezia izan dela sortutako jai-giroa, ez dago ukatzerik. Musikarien kasuan, bestelako elementuei erreparatzeko aukera eskaini die konfinamenduak, soinujole ezagunaren iritziz: "Inoiz ez gara kontziente. naturak eskaintzen digun soinuetaz , gure txoriek abesten duten melodiez. Ederra izan da trikitixaren doinua eta txorien kantuekin lagunduta hiriko Alde Zaharreko kaleetako akustika ederraz gozatzea".
Kamioi gaineko dj-ak, udaletxeko balkoiko zuzeneko kontzertuak, etxeetako leiho zein balkoietan dantzan aritutako hiritarrak, Otxomaio Irratira bidali eta lau haizetara zabaldutako bizilagunen audio eta idatzizko mezuak... Ezbairik gabe, historiara pasako dira 2020ko Urduñako jaiak, une berezi asko utzi baititu.