Tokiko ekoizleen artean sareak osatu edo sendotu dira. Koronabirusak zein eragin izan du lehen sektorean?
Euren ekoizpena industriara bideratzen dutenei nahiko kolpe larria eragin die: saltzeko kateak moztu dira, eta arazoak ari dira izaten. Abeltzaintzan ere antzera gertatu da: ostalaritzarako bildotsak saltzen ziren garaiotan, eta baserritarrei salmenta eten zaie jatetxeak ixtearen ondorioz. Horregatik erabaki genuen Urduñan, esaterako, denon artean saretzea.
Azkenik, ekoizle txikien kasuan, azokak debekatzean izan genuen larrialdirik handiena; ez genuen ulertu neurri burugabe hori. Hargatik EH Kolektiboa plataforma sortu, atxikimendu kanpaina abiatu eta baimentzea lortu genuen. Azokak bertan behera geratu dira baina merkatuak berreskuratu ditugu; eta etxez etxeko banaketa zerbitzua antolatu dugu aste hauetako produkzioa atera ahal izateko.
Ferien galerak, zer nolako ondorioak ditu zuentzat?
Urte hasieran ez daude horrenbeste azoka egun, daudenak ez dira horren indartsuak. Feria nagusiak maiatzetik aurrera datoz. Salmenta jaitsiera nabarituko dugu hemendik aurrera, suposatzen dut. Hala ere, egia da denda txikietako eskaerak eta etxez etxekoak handitu direla. Beraz, hor gabiltza. Edozelan ere, kontuan hartu behar da zenbait ekoizlek ferietan soilik saltzen dutela. Horien egoera oso txarra izango da. Horregatik ari gara modu berriak mugitzen.
“Nekazaritza eta elikadura politikak aldatu behar dira. Estrategia horiekin jendartearen osasuna, enplegua, ingurugiroa eta bizi kalitatea hobetuko genituzke”
Merkaturatzeko bide berriak abiatu dituzue. Zeintzuk?
Urduñan Whatsapp bidez erabaki genuen eskaintzea zerbitzua, etxez etxe tokiko produktuak banatzeko. Astebururo egiten dugu, merkatu egunean -hilabeteko lehen larunbata- izan ezik. Hurrengo astetik aurrera webgune bat izango dugu salmenta indartzeko. Urduñako sarean 13 ekoizle gaude. Urduñako eskolako jantokiko hornitzaileen ekoizpena, merkatuko kideena eta bertako ekoizleena barne hartzen dugu: barazkiak, gazta, marmeladak, zukuak, pastelak, ogia, entsalada prestatuak, jogurtak eta esnekiak, shiitakeak, kontserbak eta txakolina.
Herritarren aldetik, zer nolako harrera izan du ekimenak?
Oso ona, egia esan. Lau asteburutan 30-50 eskari inguru bideratu ditugu, eta jendea oso eskertua dago. Baita gu ere, nola ez. Beraz, alde horretatik oso pozik gaude.
Pandemiaren aurrean elikagaiekiko kontzientziazioa handitu dela uste duzu?
Bai, eta ez bada hala izan, egin beharreko gauza bat litzateke. Beti gabiltza gauza estrategikoez hizketan, eta elikadura ez da inoiz horien artean sartzen. Aldi honetan agerian geratu da herri bat elikadura edo jatekorik gabe ez dela ezer. Mugak itxiz gero, eta elikagaiak ez baditugu produzitzen; harriak edo torlojuak jan beharko ditugu. Orduan, ondo legoke elikadurari politika guztietan daukan garrantzia ematea.
“Etxez etxeko banaketa zerbitzua antolatu dugu aste hauetako produkzioa atera ahal izateko”
Zuen produktuek zein abantaila dute merkatuan saltzen diren beste jakiekiko?
Gure apustua argia da: agroekologian sinisten dugu, ekologikoaren artean. Hau ez da bakarrik hobea baserriarentzat, gure ustez gizartearentzat alternatiba bakarrenetakoa da uneotan. Batetik, bertako ekonomia berpiztu eta enplegua sortzen delako. Bestetik, ingurugiroa babesten delako; eta azkenik elikagai osasuntsu eta duinak ekoizten direlako. Alternatiba orokorra da, baina modu txikian ekoizten dugunez moldagarritasun gehiago dugu baserritar txikiok ekoizpen handiek baino. Enpresa handiek zaila dute euren produktu edo saltzeko estrategia egokitzeko.
Zein da gaur egun tokiko ekoizleen egoera?
Esango nuke orokorrean jendeak gero eta argiago duela beharrezkoak garela. Horrek ez du esan nahi ondo gaudenik. Nire ustez, gure eskualdean -eta besteetan- produktore txiki gehiago behar dira. Zergatik? Berriro ere frogatu delako oso elikagai gutxi ekoizten ditugula. Krisi honek hori utzi du agerian berriro ere: hobe da 100 ekoizle txiki saretuta egotea, enpresa handi bat izatea baino. Ez gaude gaizki, baina jende eta produktu gehiago behar ditugu. Horrez gain, jendeak kontzientzia hartu behar du: bertokoa kontsumituz tokikoa indartzen da.
Aurrera begira zure ustez zein pauso eman beharko lirateke?
Nekazaritza eta elikadura politikak aldatu behar dira, derrigor; bai Euskal Herrian eta baita Europan ere. Industrializazioa alboratu behar dugu, eta tokikotasuna zein agroekologiaren bidea landu.
Bi estrategia horiekin jendartearen osasuna, enplegua, ingurugiroa eta bizi kalitatea hobetuko genituzke. Horrenbestez, bi adar horietan beharko lirateke aldaketak.
Urduñan tokiko elikagaiekin proiektu asko daude: eskola jantokia, edinekoen egoitza... Oro har, elikadura ereduak aldaketa behar du? Eta kontsumo ereduak?
Eredua ez bada aldatzen, nekazaritzaren eta ekoizle txikien egoera nabarmen okertuko da. Eta, gizartearen elikadura eskubidea ere.
Ekoizpen ereduaren aldaketa beharrezkoa da, eta hori aldatuz gero kontsumoarena ere egokituko da. Ekoizpen eta kontsumo ereduak, biak aldatu behar dira. Supermerkatuak ez dira soluzio bat baserritarrentzat, ezta kontsumitzaileentzat ere.