Apirilaren erdialdean Covid-19 birusaren 4 positibo jazo ziren Urduñako nagusien egoitzan. Horren ondorioz, pertsona kutsatuak Birjinetxean artatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak.
Atzo, ordea, hiriko egoitzara itzuli ziren, gaixotasuna gainditu eta gero. Ongietorria antolatu zieten eta bertako langileek birusa atzean utzi duten lagunak omendu zituzten, txistulari eta dantzari banaren parte hartzerekin.
Bizilagunek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, oso ekitaldi hunkigarria izan zen. Txistulariak, dantzariak, lore sortak eta txaloak izan zituen harrerak osagai. Hiru edo lau aldiz errepikatu zuten ongietorria, nagusi bakoitza anbulantzia banatan hurbildu baitzuten "etxera".
Apirilaren 27an test gehiago egin zituzten egoitzan eta emaitza guztiak izan zire negatiboak.
Argazkiak: Urduñako Udala