Eunate Molinuevok egin zituen aurkezle lanak. Berak eman zien paso ekitaldian hitza hartu zuten bi pertsonei: Leire Pinedo Bustamante eta Igor Arzuaga Gumuzio legebiltzarkideak.
Pinedo izan zen mikrofonora hurreratzen lehena. Espainiar eskuma euskal politikatik kanporatu beharraz mintzatu zen, datorren igandeko hauteskundeak horretarako “aukera hobezina” direla iritzita. Nafarroa eta Iparraldean egondako aldaketak ere izan zituen hizpide: “Bertako kideek agerian utzi diguten badagoela elkarrekin ibili beharreko bide bat”.
Egoera ekonomikoaz ere mintzatu zen politikari sopelarra, eta EAJ eta PSE-EEren artean osatutako aliantza kritikatu zuen. “Urkullu eta Mendia Confebasken doinu guztiak jotzen dituzten txistu eta panderoa dira”, salatu zuen, eta nabarmendu zuen bi alderdi horiek “ukazioaren koalizioa” osatzen dutela, “batzuek abertzale izateari uko egin diotelako eta besteek, aldiz, sozialista izateari”.
Horren aurrean, “euskal sindikatuek eginiko lana” goraipatu zuen Pinedok, eta “sistema berria” eraikitzeko beharra jarri zuen mahai gainean, “Tubacexek egin nahi duen berregituraketa gelditzeko”, besteak beste. Gauzak hala, horretarako “aukera bakarra” EH Bildu bozkatzea dela esanez amaitu zuen legebiltzarkideak bere hitzartzea.
Julen Arzuagak ildo beretik jo zuen. COVID-19ak sortutako egoerari erreferentzia egin zion lehenbizi, eta honako ideia hau nabarmendu zuen: “ezohiko uneak baldin badira, ezohiko neurriak hartu beharko direla”. EAJk “oso ondo” kudeatzen duela aitortu zuen politikari aretarrak: “Oso ondo kudeatzen dute, bai, eurentzako, gutxiengo batentzako, bezero sarearentzako”.
EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua izatea “katastrofikoa” izango litzatekeela nabarmendu zuen Arzuagak, “beste mota bateko neurri eta politikak” behar direlako. Gauzak hala, igandean bozkatzera joatearen garrantziaz ohartarazi zuen Aiaraldeko legebiltzarkideak.