"Alardea" filma grabatuko dute aste honetan eta hurrengoan Urduñan

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko uzt. 22a, 07:31

Urduñan hasi zuten grabaketa, martxoan. / Aiaraldea.eus

Bost egunez arituko dira Urduñan ETB1eko Alardea telesaila grabatzen. Hargatik, aldizkako bide mozketak iragarri dituzte.

Pandemiaren aurretik, martxoan, ekin zioten Alardea telesail berria grabatzeari Urduñan. Hilabeteetako etenaldiaren ondotik, aste honetan jarraituko dute grabaketa lanetan. Produkzio taldeak oharra helarazi die Urduñako bizilagunei: "Hurrengo egunetan, uztailaren 22an, 24an, 27an, 28an eta 30ean ETB1erako Alardea izeneko telesaila grabatuko dugu zuen herrian. Aurrera eraman ahal izateko aldizkako bide mozketak egin behar ditugu". Eragozpenengatik barkamenak eskatzearekin batera, bide mozketak oinezkoentzat zein ibilgailuentzat izango direla azpimarratu dute. "Hortaz aparte, herriko gune, azpiegitura eta eraikin publikoetan izango gara", erantsi dute.

Martxoaren 23tik 27ra zuten hasiera batean aurreikusita grabaketa Urduñan, baina koronabirusa medio prozesua hankaz gora jarri zaie. Entzutetsua izan zen, gainera, grabaketaren kudeaketa. Izan ere, Itziar Ituño aktore ezagunak eta programako beste bi kidek koronabirusa izan zuten, eta Aktoreen Elkarteak publikoki salatu zuten ekoiztetxearen jarrera, lantaldeari ez baitzioten ezer jakinarazi, eta martxoaren 15 arte  jardun zuten grabaketan. Gerora, 10 lagun gaixotu ziren, salatu zutenez.

Urduñarrek ere hartuko dute parte, hein batean, telesailean. Izan ere,  figurante jarduteko castinga antolatu zuten hirian, posta elektroniko bidez izena emateko aukera irekita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide