ERREPORTAJEA

Koronabirusak gorputzetik alde egiten ez duenean

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 16a, 07:42

Idoia Soriano da koronabirus jarraitua duen kideetako bat. / I.S

COVID-19 birusa igaro eta sendatu ez direnek Euskal Herriko Covid jarraituaren Elkartea sortu dute. Sintomak eta birusak gorputzetik atera ezinik, irtenbide bila dabiltza. Idoia Soriano Eskubi da gaixoetako bat; ondorioz, elkartearekin egin dut bat.

Martxoaren 13an gaixotu zen Idoia Soriano Eskubi urduñarra koronabirusagatik. Desinformazioa medio, hilabeteak igaro ditu covid19 birusak eragindako sintomekin. Hargatik, informazio bila hasita Herrialde Katalanetako elkartearen bidez lortu zuen Euskal Herriko sarearekin kontaktatzea. “Kasuen %10 da koronabirusaren sintomekin denbora luzez geratzen dena”, dio.

Egoera berdinean dauden herritarrei covidpersistente.euskalherria@gmail.com helbidera idazteko eskatu die, guztien egoerak aztertu eta soluzioak topa daitezen. Aiaraldean ere badira berearen antzeko kasuak. Horien artean du amurrioar bat, osasun zerbitzuetan lan egiten duena.

Kasuen %10 geratzen da koronabirusaren sintomekin denbora luzean. Euskal Herri mailan elkartea sortu dute

Martxoaren 13an hasi zen ondoezik sentitzen Idoia Soriano. Sukarra, usaimen eta dastamen galera, ahoan zauriak, arnasteko zailtasunak... jasan ditu geroztik. “Egun batzuetan ondo nago, baina gehiago dira sukarrarekin nagoen egunak, bestelakoak baino”, dio kezkatuta.

Beldurrik, ordea, ez da izan behar bere ustetan: “Kutsatu askok koronabirusa gainditu dute, baina beste batzuk ez; eta ez dakigu noiz arte egongo garen horrela”. Maiatzean eratu zen Euskal Herriko elkartea, baina Idoia Soriano Eskubi uztailaren erdialdean batu zen ekimenera.

Esperientzia gogorra

Hasieran “arina” izan zitzaion gaixotasuna, ohiko sintomak zituen eta: “10 egunetan gainditu eta ondo egongo nintzela pentsatzen nuen. Birusa pasa eta errekuperatu nintzen, baina handik gutxira berriro gaixotu nintzen”. Ordutik etengabea izan da eritasuna: 15 egun sukar eta 3-4 egun “ondo”, aitortu  du, “oso gogorra da sukarrarekin berau gabe baino egun gehiago egotea”.

"Guztiok ezin gaituzte artatu, aukeratu egin behar izaten dute medikuek. Sukarrarekin nenbilela jakinaraztetik 5 egunera deitzen ninduten askotan. Nahita ere ezin gaituzte lehenago artatu"

Osasun arreta ez du behar bestekoa izan, baina ulerkorra da egoerarekiko Soriano: “Guztiok ezin gaituzte artatu, aukeratu egin behar dute medikuek. Sukarrarekin nenbilela jakinaraztetik 5 egunera deitzen ninduten askotan. Hiru aldiz bidali ninduten larrialdietara, birikak ondo nituela esan arren kortisona mordoa ematen zidaten. Gibelak ere egin dit huts tarteka, tronbo txikiak izan ditut, ubeldurak beherakoak, negelak azalean, burukominak ...”.

Konfinamenduaren ondoren, jarraipen egonkorragoa izan du: “Ahalik eta ondoen egiten saiatzen dira, baina probak oso mugatuta dituzte, eta ezin dizkidate azterketa gehiago egin”.

Uztailaren 14tik urrira arte ez du izango hitzordurik, okerrik ezean, “eta hori sukar etengabearekin egonda, sintoma gutxiagodunei ez diete horrenbesteko garrantzirik ematen. Nahita ere ezin gaituzte lehenago artatu”.

Ikerketa beharra

Ikerketak egiten dabiltza, osasun adituen laguntzari esker. Modu horretan nahi dute jakin gaitzari nola edo zergatik egiten zaion aurre. “Desinformazio handia dago. Arazo handiena mediku-buruekin izaten ari gara, familia osagileekin. Izan ere, ez dituzte horrenbeste kasu jasotzen, eta oraindik ez daude koronabirus iraunkorrerako protokoloak”.

Ikusgarritasunaren garrantzia azpimarratu du aiaraldearrak: “Hasieran niri gertatzen zitzaidana arraroa zela zioten, COVID-19 igarota horrelako sintomek ez zutelako azalpenik, ez zekiten zer gertatzen zitzaidan. Jende asko dago etxean ni bezala, duena ulertu gabe”. 

"Hasieran niri gertatzen zitzaidana arraroa zela zioten, COVID-19 igarota horrelako sintomek ez zutelako azalpenik, ez zekiten zer gertatzen zitzaidan. Jende asko dago etxean ni bezala, duena ulertu gabe”


Urduñarraren hitzetan, zorte kontua da: “Kirolari gazteak ere daude horrela, ez da edadetu edo arrisku taldeetako kideen kontua bakarrik”. Eskualdea nabarmen kolpatu du birusak ere. Horren adierazle da hilabeteetan -eta azken asteetan- kutsatu kopuruaren gorakada. “Urduñan koronabirus sintomekin jarraitzen duten 4 pertsona ezagutzen ditut, eta Whatsapp bidez kasu gehiagoren berri izaten ari naiz”. 

Herritarrei deia
Koronabirusarekin dabiltzan herritarrei esperantza mezua bidali die aiaraldearrak: “Sendatu egingo gara. Emozionalki oso baxu dagoen jendea ezagutu dut. Ez gaude bakarrik, asko gara, eta honetatik aterako gara. Ikertzea ezinbestekoa da, baina nik uste aurre nola egin asmatuko dutela, edo bestela gorputzak ikasiko duela horrekin bizitzen”.

Herritarrei, berriz, argi mintzatu zaie: “Bihar akaso zu izan zaitezke. Kutsatu kopurua ikusita, eta %10 gu bezala geratuko bada, loteria kontua da. Gutako asko gazte aktiboak gara, ez dago inor libre, edonori gerta dakioke”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide