Ostiralean izan zen Urdufolk jaialdiaren zortzigarren edizioa. Bertan izan zen Iñaki Plaza trikitilaria, Koldo Uriarte pianojolearekin batera. Horrez gain, Amak taldearen kontzertua jaso zuen hiriak, Herri Eskolako patioan egokitutako espazioan. 20:30etatik gauerdira, lagun ugari elkartu ziren zuzenekoez gozatzera.
Iñaki Plaza musikariak kontzertuan zehar aitortu zuenez, disko berria prestatzen ari dira: "Konposatzen eta grabatzen gabiltza une hauetan. Urdufolken kantu horietako batzuk jo genituen". Koldo Uriarterekin batera "bikote artistikoa" osatu du, banda formatuan ere berarekin lanean aritu ondoren. Argitaratze dataz galdetuta, "zail" ikusten du, "gauzak dauden bezala...". Edozelan ere, "promoekin" laster hastea gustatuko litzaioke.
Urdufolk, eredu
Asteburuko kontzertua gogoan poza eta pena datozkio burura Plazari, "herrian jotzea beti da polita eta gustukoa". Bereziki, emanaldiak antolatzeko erakutsitako prestutasuna txalotu du: "Protokolo eta neurri ugari bete behar izan ziren jendea sartu, atera edo mugitzeko; baina posible da gauzak egitea".
"Ilusioa egin zidan Urduñako kontzertuak; baina pena ematen dit ondoko herrietako jaiak bertan behera geratzeak. Ez dut ezer ulertzen. Hau da dugun babesa? Gero kultura asko maite dugula diote"
Hargatik, kultur zinegotzi zein teknikariei luzatu die mezua, baliabeak eta dirua izanik kulturaren aldeko apustua egiteko: "Ilusioa egin zidan Urduñako kontzertuak, baina pena ematen dit ondoko herrietako jaiak bertan behera geratzeak. Ez dut ezer ulertzen: hau da dugun babesa? Gero kultura asko maite dugula diote".
Kulturgintza, krisian
Pandemiak zer nolako egoera utzi du musikagintzan? Asko dira koronabirusaren ondorioz bertan behera utzitako ekitaldiak. "Jendeak uste du musikariak bakarrik bizi garela honetaz, baina familia asko daude ekintza baten atzean", ohartarazi du Iñaki Plazak. Uztailean Santiago de Compostelan (Galizia) jo zuen, eta larunbatean Bastidan izango da kontzertu didaktikoa eskaintzen.
Alabaina, martxotik hona 30 ekitaldi baino gehiago "erori" zaizkio, bere taldearekin edota beste kolaborazio zein proiektu batzuekin zituen zitak aintzat hartuta.
Aurrera begira, kontzertu batzuk ditu lotuta abendurako, "baina Alemaniako kontzertuak, adibidez, suspenditu egin dira". Pandemiaren erdian, musikarien eszena ilun dagoenaren adierazle.