COVID-19ak kutsatutako herritar berri bakarra diagnostikatu zuten atzo Aiaraldean, Urduñan

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 29a, 12:52

Urduñako anbulatorioa, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Osasun sistema publikoak koronabirusak eragindako gaixo berri bakarra topatu zuen atzo eskualde osoan, Urduñan.

Osakidetzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, atzo Aiaraldea osoan positibo berri bakarra topatu zen COVID-19ari dagokionez, Urduñan. Datu horrekin kutsatu berrien kopurua pasa den asteko joerara itzuli da. Izan ere, asteburuan 10 gaixo berri agertu baziren ere, pasa den astean kasu bat edo bi agertu ziren egun bakoitzean.

Edonola ere, atzo osasun sistema publikoak 7.373 PCR proba egin zituen. Igandean egindakoak baino gehiago diren arren, kontuan hartu behar da ostiralean 9.229 gauzatu zirela eta larunbatean 9.696. Guztira, 285 positibo berri agertu ziren EAEn, asteburuan baino nabarmen gutxiago: ostiralean 398 izan ziren, larunbatean 479 eta igandean 354.

Atzoko kutsatuei dagokienez, 39 izan ziren Araban, 138 Bizkaian eta 99 Gipuzkoan. Ospitaleratuak 8 gutxiago dira -265-, baina Zaintza Intentsiboko Unitatea behar dutenen kopurua ez da aldatu, 55 herritar baitaude bertan. Gainera, ratioa handitu eta 0,94ra heldu da.

Eskualdeko kutsatuen kopuruak pandemia hasi zenetik hurrengoak dira, herriz herri:

  • Laudio: 275
  • Amurrio: 179
  • Aiara: 76
  • Urduña: 70
  • Okondo: 16
  • Orozko: 35
  • Artziniega: 36
  • Arakaldo: 0
  • Arrankudiaga-Zollo: 2
  • Aiaraldea: 686

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide