S.C ORDUÑESA

"Txirrindulariak omendu ditugu Urduñako mendateko biribilgunean murala eginda"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urr. 27a, 09:28
Biribilgunean egin dute murala. / Urduñako Txirrindulari Elkartea

50. urtemuga ospatzeko ekitaldiak bertan behera utzi arren, txirrindulariak omentzeko murala egin du S.C Orduñesa elkarteak.

"Osasun egoeragatik ez gara presente egongo Urduñako portuan lasterketari kolorea emateko", adierazi dute oharrean atsekabetuta, "hala ere, txirrindularitzaren maitaleak izanik, gure omenaldi propioa egin diegu kirolariei mendatearen sarrera den biribilgunean murala eginda". Hain zuzen, Rondina industriagunean burutu dute ekimena.

50 urteko historia

Oharrean azpimarratu dutenez, 1970ean sortu zen elkartea Bilbo, Santutxu eta Laudioko bizikleta zaleen ekimenez. "Dena den, gure oinarria Urduñarrez gain, Aiara, Amurrio, Laudio, Bilbo eta Gasteizko txirrindulariek osatzen dute".

Horren adierazle da zikloturismoa praktikatzeko jarduera andana, edota lasterketen antolaketa. "Hastapenetatik Iparraldeko Liga deiturikoan oso aktiboa izan da, puntuazio gehien lortu genituen, eta denboraldi askotan izan ginen garaile".

Urduñan ere utzi dute arrastoa, esaterako, ekainean egin ohi duten zikloturisten topaketetan. "Gazteen taldea ere izan genuen, eta Urduña Hiria Gazteen Klasikoa proba ospatzen dugu". 

Halaber, duela zenbait urte ziklokros proba atontzeari ekin zioten. Horrez gain, Emakumeen Bira ere igaro izan da Urduñatik, baita Euskadiko zenbait txapelketa ere. 

Urduñako portuaren igoera txirrindulari lasterketa ugariren lekuko izan da. Bertatik igaro dira, besteak beste, Roberto Laiseka, Mikel Landa, Iñaki Isasi eta abar luzea. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide