Urduñako Udalbatzak aho batez onartu du Sarek aurkeztutako mozioa

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 8a, 10:43
Dispertsioaren aurkako ikurra eskegiko dute Udaletxeko balkoian. / Urduñako Udala

Dispertsioaren aurkako banderola eskegiko dute aurrerantzean udaletxeko balkoitik, eta gauzatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du udalbatzak. Biharko, manifestazioak antolatu ditu Sarek eskualdeko hainbat herritan.

Mozioa aurkeztu zuen Urduñako Sarek iragan abenduaren 30eko ohiko osoko bilkuran. Urduñako hainbat herrikidek dispertsio-politikaren ondorio sozial, ekonomiko eta pertsonalak pairatzen dituztela salatu zuten testuaren aurkezpenean, eta baldintza horien deuseztapena lortzeko konpromisoa azaldu zuten, “preso, iheslari zein deportatuen bizi baldintzak hobetu eta egoera arintzeko”.

Udalbatzak aho batez onartu zuen Sarek aurkeztutako mozioa, eta hurrengo egunetan antolatuko dituen ekimenetan parte hartzeko deia luzatu zuten udaletxetik.

Banderola balkoira

Duela hilabete batzuk “Banderola gure kontu” kanpaina abiatu zuten Urduñan, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko ikurrak herriko balkoietan jartzeko helburuarekin.

Iragan abenduaren 30eko osoko bilkuran kanpaina hori udaletxera eraman zuten, eta aurrerantzean dispertsioaren aurkako bandera udaletxeko balkoian egongo da eskegita.

Mobilizazio asteburua

Bihar -urtarrilak 9- herriz herri mobilizazioak antolatu ditu Sarek, urteroko Bilboko manifestazio nazionalaren ordez. Euskal Herriko 220 herritan daude deituak ekimenak, baita Aiaraldean ere.

Urduñan kalejira egingo dute, Foru Plazatik hasita, 17:30ean. Hainbat aldarrikapen zabalduko egingo dituzte hirian zehar, jai giroan. Frontoian amaituko dute kalejira, eta ekitaldia egingo dute bertan. Besteak beste, Isilpeko ahotsak proiektatuko dute, dispertsioak eta espetxe politikak urduñarrengan izandako eragina bistaratzeko egindako bideoa.

Amurrion, Laudion, Okondon, Arrankudiagan eta Orozkon ere egingo dituzte mobilizazioak. 17:30ean dira hitzordu guztiak. “Urratsez urrats, bidea egiten ari gara. Etxerako bidea auzolanean eraikiko dugu” adierazi dute Sareko kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide