Koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina Urduñara iritsi da gaur. Nagusien egoitzako 60 egoiliar eta langilek jaso dute goizean COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosia.
“Oso balorazio positiboa egiten dugu” azaldu du Silvia Barrios nagusien egoitzako arduradunak.
Ez da inongo arazorik egon, zahar-etxetik jakinarazi dutenez. Egoiliarrek ilusioz hartu dute lehen dosi hau. “Txertoa aurrerapauso berri bat da, hain zaila izan den azken urte hau atzean uzteko”.
Espazio berezia egokitu dute Urduñako egoitzan gaurko txertaketa saioa gauzatu ahal izateko. Eskailera eta sarrera bereziak jarri dituzte kutsatzeko arriskuak ahalik eta gehien murrizteko asmoarekin.
Baikor azaldu da ere Itziar Biguri Urduñako alkatea ere; baina ohartarazi du, koronabirusak kalean jarraitzen duen bitartean, oraindik existitzen dela nagusien egoitzan berriz sartzeko arriskua. Horregatik arretaz eta arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei, eta adierazi du, orain arte bezala, koronabirus kasuen jarraipena egiten jarraituko dutela. “Agerpen berririk egotekotan kudeatuko genuke, orain arte kudeatu dugun moduan.”
Pandemia hasi zenetik lau gaixotu egon dira Urduñako nagusien egoitzan, eta guztiek lortu dute koronabirusa gainditzea. Maiatzean harrera beroa egin zieten lau egoiliarrei ospitaletik erresidentziara bueltatu zirenean.
Txertaketa kanpaina aurrera
hurrengo aste eta egunetan iritsiko dira COVID-19aren aurkako txertoak eskualdeko gainerako herrietara. Urduñan bezala, nagusien erresidentzietako erabiltzaileak eta langileak izango dira txertatzen lehenak.