Coctail de vida liburua aurkeztu zuen Maite Garcia urduñarrak atzo, hiriko zezen plazan atondutako karpan. Dozenaka herritar bertaratu ziren musika eta hitzak uztartu zituen ekitaldira.
Mitxel Casas eta Juanjo Baronekin batera igo zen Garcia oholtzara. Lehena kazetaria da, eta liburuaren hitzaurrea osatzeaz arduratu da. Bigarrenak, aldiz, liburuaren azaleko ilustrazioa egin du.
Aurkezpena atzo egin izana ez zen kasualitatea izan, Ekhiren (Maite Garciaren semearen) heriotzaren urteurrena izan baitzen. Heriotza horren eta osteko doluaren inguruan osatu zuen Garciak bere lehen liburua (Ekhi: Siguiendo tu estrella). Orain plazaratu duen lanak, aldiz, bizitza du hizpide, eta bidean dauden traba eta sufrimendu uneak gainditzeko gakoak eskaintzen ditu, Garciaren hitzetan.
Eskerrak
Hainbat pertsonari eskerrak emanez amaitu zuen Garciak aurkezpena. Lore-sortak oparitu zizkien ekitaldira bertaratutako hainbat herritarri, liburua osatzerako orduan zein beste alor batzuetan emandako laguntzagatik.