Urduñako Eskola Publikoak jolastokien bernaturalizazioari buruzko jardunaldiak hartuko ditu bihartik igandera arte. Bartzelonako El Globus Vermell elkarteak, Urduñako Udalak eta Urduña Herri Ikastetxeak antolatu dituzte eta Alondegian izango dira. Zehazki, ekimenaren izenburua "Espazio eta denbora hezitzaileen naturalizazioa" izango da.
Gogoeta kolektiborako unea izango da hitzordua. Izan ere, ikastetxeak duen kale espazioan bernaturalizatzeko proiektua abiatu zuten aspaldi, ulertzen zutelako horrelako guneak aukera bat direla eskolarako zein herrirako. Hausnarketak bide beretik jarraitu nahi du eta eremuaren eraldaketak zentroaren jardueran nola eragin behar duen eztabaidatuko dute.
Interesdunak egonez gero, modu errazean parte har dezakete prozesuan: Urduñako Eskolara deituta (945 38 35 04). Gonbidapena edonorentzat da zentzu horretan. "Asteburuan jorratuko dugunak beste edozein espazio hezitzaile naturalizatzeko asmoa duenari lagungarri egingo zaio", adierazi dute antolatzaileek.