URMUGA 2021

Gorobelen jo ditu Urmuga ekimenak bere lehenengo akordeak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 14a, 14:27

Aiaraldean egin du Urmuga ekimenak bere lehen geldialdia. Tologorrin egin behar zuten kontzertua Urduñako Andra Mari elizako arkupetan eskaini zuten Donostiako Orfeoiak, Mixel Etxekoparek, Noemi Viana Dantzariak eta François Rossék.

Euskal Herria alderik alde jostea du helburu 2021eko Urmuga ekimenak, eta mendizaletasuna eta musika baliatuko dituzte horretarako. Atzo -uztailak 14- Aiaraldean egin zuten lehen geldialdia zeharkaldian buru-belarri sartuta dauden lagunek.

Tologorri inguruan, Ponatan, eskaini behar zuten kontzertua Urduñako Andra Mari elizara lekualdatu behar izan zuten euria zela eta, baina mendizaleek aukera izan zuten Angulo mendatea eta Urduña lotu zituen ibilaldi eder batez gozatzeko. Geldialdia bukatuta, Donostiako Orfeoia, Mixel Etxekopar Noemi Viana Dantzaria eta François Rossé aritu ziren arratsaldea girotzen.

Iaz ere Aiaraldean hasi zen Urmuga ibilaldia eta eguraldia ona izan zenez, Ponatan bertan egin zuten musika eta dantza emanaldia.

Urmuga 2021

Bi aste ditu aurretik ekimenak. Euskal Herria alderik alde gurutzatzen duen zeharkaldiak mendizaletasuna eta musika uztartzen ditu, kantauriar eta mediterranear isurialdeen arteko muga naturala jarraituz. Geldialdi bakoitzean kontzertu bana eskainiko dute Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musikari eta kantari esanguratsuk.

Guztira 12 kontzertu izango dira. Guztiek izango dute Et Incarnatus orkresta oinarri, baina eurekin Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama (Glaukoma), Idoia Asurmendi eta beste hainbat musikari arituko dira. Urmugako webgunean aurkitu daitezke gainerako kontzertuentzako sarrerak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide