Lan bertikaletan aditua den enpresa bat kontratatu dute Urduña eta Villalba de Losako udalek premiazko zenbait lan egiteko Txarlazo mendian dagoen Antiguako Ama Birjinaren monumentuan. Azpiegituran pilatuta dauden hondakinak, elementu solteak eta erortzeko arriskuan dauden zatiak kentzen ari dira.
Izan ere, eskultura ekainaren amaieran hesitu zuten, 1975. urtean egindako mantuaren zati bat erori egin zelako. Gauzak hala, lan horiek eginda, erorketa gehiago egotea saihestu nahi izan dute udalek. Tokiko bi erakundeek euren gain hartu dute obraren kostua, baina finantzazio bila ari dira hiriko beste agente batzuekin batera, etorkizunean monumentu osoa zaharberritu ahal izateko.