Harrera beroa izan zuen Fernando Moleres Alavak ostiralean Orduña Hiria Museoan eskainitako hitzaldiak. Haurren lan-esplotazioa izan zuen hizpide argazkilari urduñarrak. Izan ere, horri buruzko argazki erakusketa inauguratu zuen museoan hilabete hasieran.
Munduko hainbat tokitako errealitateak jaso ditu Moleresek irudietan. "Txundigarriena umeen lana umeen esplotazioa bilakatzen duten baldintzak dira", azaldu zion argazkilaria Aiaraldea Komunikabideari iaz eginiko elkarrizketan, "askotan 14 edo 16 orduko lanaldiak egiten dituzte, atsedenerako egunik gabe, ardura arriskutsuak betetzen...".
Hala ere, tratu txar psikologikoak dira gogorrena urduñarrarentzat, haurrak "emozionalki txikitzen" dituztelako lanean.
Abenduaren 5era arte egongo da argazkiak ikusteko aukera, museoaren ohiko ordutegian.
Argazkiak: Orduña Hiria Museoa