'Bizkaia Klasika Orduña Hiria Junior Saria', Iberiar penintsulako proben puntaren puntan

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko api. 26a, 07:00

2019an izan zen Urduña Hiria Junior Sariaren azken edizioa. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 1ean jokatuko da 'Bizkaia Klasika Orduña Hiria Junior Saria'. Espainiko Estatuko 5 probetako bat izango da norgehiagoka. 

Puntan hasiko du Aiaraldeko txirrindularitzak maiatza. Izan ere, egun bakarrean 2 lasterketa egongo dira bailaran: 'Bizkaia Klasika Orduña Hiria Junior Saria', eta Amurrioko San Jose jaietako lasterketa. 

Urduñako Txirrindularitza Elkarteak antolatutako 50. Junior Saria izango da lehena. Hori dela eta, proba berezia izango da aurtengoa. Izan ere, 'Bizkaia Klasikoa' izateaz gain, Espainiako Estatuko txapelketako norgehiagoka puntuagarri bilakatzea lortu dute. Hala adierazi du Asier Oiarzabal Urduñako Txirrindularitza Elkarteko kideak. "Azken edizioa 2021.ean izan zen", erantsi du urduñarrak. Hargatik, probari dimentsio handiagoa ematea erabaki dute aurten: "Proposamena prestatu eta bidali genuen, Espainiako Junior Cofidis kopako bost lasterketetako bat izateko Urduñakoa". Esan eta egin: hirugarren lasterketa izango da Aiaraldekoa: "Euskal Herrian bi lasterketa bakarrik izango ditugu: Gasteizekoa eta Urduñakoa".

Bost lasterketa izango ditu Espainiako Junior Cofidis probak, eta horietako bi izango dira Euskal Herrian: Gasteizekoa eta Urduñakoa

10:05ean hasiko da proba,  eta 115 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partaideek. Lehenago, ordea, taldeen aurkezpena egongo da, aurreratu dutenez. 

7 zatidun etapa

Xehetasunez galdetuta, zazpi zati izango ditu etapak, Oiarzabalek azaldu duenez. Lehenbiziko itzulian Urduña, Markixana, Murga, Lendoño eta Urduña lotu beharko dituzte kirolariek; eta bigarren itzulian Arbieto, Artomañana eta Delika zeharkatuko dituzte. "3. itzuliko ibilbidea errepikatu beharko dute berriro ondoren, laugarren zatian Arbieto, Artomaña, Delikako eliza eta Urduña gehitzeko zirkuituari beste hiru aldiz", erantsi du.  Zazpigarren etapa zatian Arbieto, Aloria eta Urduña izango dira zeharkatu beharreko eremuak. "Amurrioko San Joseko txapelketa goiz berdinean izango da, horregatik aurreratu dugu irteera ordua; bi probek errepideetan ez kointziditzeko", azpimarratu du. Ondorioz, 11:30ean izango da Amurrioko San Jose festetako lehiaketaren irteera ordua.

Argazkiaren deskripzioa ez dago eskuragarri.

Urduñako Txirrindularitza Elkarteko kidearen hitzetan, goiz osoan zehar giro ederra izatea espero dute hirian. Horretarako, espazio berezia atonduko dute Urduñako Herri Eskolan, probaren jarraipena egiteaz gain bertako produktuak (janari eta edariak) dastatzeko parada eskainiko baitute. 

Amurrio, ziklokrosean goren

Azkenaldian Espainiako Estatuko kirol proba askorako aukeratu dute Aiaraldea. Horren adierazle da 2024ko Espainiako ziklokros txapelketako finala Amurrion izateko hartutako erabakia. Horrenbestez, eskualdean erabakiko da ekimen horretako podium eta sailkapen orokorra. Antolakuntzaz, aldiz, Kuskumendi Mendi Bizikleta Taldea arduratuko da. Iñaki Pinedo elkarteko kideak pozik baina "errespetuz"  hartu du ardura, aitortu duenez. Ziklokros txapelketaren finala Amurrion jokatzeko proposamena 2023. urterako aurkeztu zuten, baina Bic izan da udalerri aukeratua: "Hala ere, federazioak esan zigun zirkuitua oso polita zela, eta lekua oso aproposa. Aipatu ziguten berriro aurkeztuz gero, irabazi egingo genuela. Eta horrela izan da".

Bi urte falta badira ere, prestaketei heldu diete dagoeneko: hiru eguneko proba izango da, eta Refor izango da lehia gunea. Berez, iaz estreinatu zuten zirkuitua, eta zenbait hobekuntza egin ondotik, ziklokrosaren maila gorenera hurbilduko dute eskualdeko udalerria.

2022ko ziklokros txapelketak, baina, Aiaraldea ere izango du geltoki: azaroaren 5ean Laudioko Nazioarteko Ziklokrosaren XXXIV. edizioaren lekuko izango dira, ohikoan bezala, Ellakuriko kirol zelaiak, Laudioar Txirrindularitza Elkartearen eskutik. Iaz, gainera, emaitza bikainak lortu zituzten aiaraldear txirrindulariek: Gaizka Pujanak eta Hodei Muñozek domina bana etxeratu zuten, eta Lukene Trujillano zein Iñaki Guaresti ere lasterketa askotan gailendu ziren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide