Marmita Elkartea sortu duzue, eta Otxomaio jaietan egingo duzue lehen ekimen publikoa: I. Putxera Lehiaketa.
Marmita Elkartea 2019an sortu genuen, putxera lehiaketa 2020an lehendabizikoz antolatzeko asmoz. Pandemiak, ordea, dena atzeratu du eta ez dugu urte honetara arte inolako ekintza publikorik antolatu.
Alondegian egindako tostada tailerra izan zen Marmita Elkartearen estreineko ekitaldia; oso harrera ona izan zuen, eta 30 haur elkartu ziren bertan. Orain, Otxomaio jaietan, Putxera Lehiaketa antolatu dugu.
Zer helbururekin sortu zenuten elkartea?
Hiriko tradizio gastronomikoak bizirik mantentzeko anbizioz sortu genuen Marmita Elkartea. Hainbat lehiaketa gastronomiko galdu egin dira denboraren poderioz, tartean pil pilera egindako bakailaoaren txapelkera. Horrelako sukaldaritza txapelketen tradizioa bizirik mantentzea da.
“Kartel ona osatu dugu, eta lehiaketa berri honek nahiko zalaparta sortu du zaleen artean”
Zertan datza Putxera lehiaketa?
Putxera lehiaketa indaba gorri lehiaketa tradizional bat da, bere ohiko sakramentuekin kozinatu behar dena: txorizoa, odolostea eta urdaia. Gerora, norberak bestelako edozein osagai gehitu dezake. Babarrun gorrien hiru mota onartuko dira txapelketan: Tolosakoa, Gernikakoa eta babarrun nabarra.
Bi kategoria egin ditugu. Herriko parte hartzaileek butanozko lapikoak erabiltzeko aukera izango dute baina, ezingo dute sari nagusirik eskuratu. Gainontzeko parte hartzaileek putxera erabili beharko dute derrigorrez.
Putxerena oraindik ez da Aiaraldean oso errotuta dagoen ohitura.
Ez, Enkarterrietan oso ezaguna da, baina hemen ez da ohikoa. Gure helburua sukaldatzeko modu hau inguruan errotzea da.
Ohitura La Roblako trenetik dator; Gallarta eta Meatzaldeara lanera zihoazen langileek, ikatzarekin funtzionatzen zuen lapiko bat asmatu zuten mota guztietako gisatuak kozinatzeko. Denboraren poderioz, indabak hartu zuen famarik handiena putxera batekin sukaldatu zitezkeen jakien artean.
Balmasedakoa da inguruan dagoen lehiaketarik zaharrena, aurten bere 50. urteurrena ospatuko du. Ohitura Urduñan piztea da gure asmoa.
Zer nolako parte hartzea aurreikusten duzue?
Kartel erakargarria osatu dugu sariei dagokionean, eta lehiaketaren albisteak nahikoa zalaparta eragin