HAMAIKA KALE ELKARTEA

“Museo hau herriarena da”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 3a, 07:00

Ezkerretik hasita Aintzane, Koldo, Gloria eta Marga, Hamaika Kale elkarteko kideak. / Aiaraldea.eus

HAMAIKA KALE ELKARTEKO kideetako batzuk dira Marga, Aintzane, Gloria eta Koldo. Urduña Hiria Museoaren kudeaketaz arduratzen dira auzolanean. Elkarteko boluntarioek izango dute txupina pizteko ohorea.

Zuena da Otxomaioetako lehen suziria pizteko ardura. Nola jasotzen duzue eginkizuna?

Oso pozik gaude txupinero izendatu gaituztelako. Museoak egindako lan izugarriaren aitortza da, gu lehenengo suziria jaurtitzeko hautatu izana. Museoa martxan jartzeak izugarrizko lana suposatu du, pandemiak bete betean harrapatu gintuen. Herrikideek aitortza hori egitea harro egoteko moduko errekonozimendua da.

"Herritar asko inplikatu ziren proiektuan, eta auzolan guzti horri esker iritsi gara gaur egun gauden tokira"

Hamaika Kale elkartea da Urduña Hiria Museoaren kudeaketaz arduratzen dena. Nondik dator elkartea sortzeko beharra?

2018an sortu genuen elkartea. Gure artean oso hedatua zegoen museo bat sortzeko beharra, hiriko ondare guztia ahalik eta modu egokienean gorde eta herritarrei erakusteko. Museoa egin behar genuen bai edo bai, eta hemen, udal-liburutegian egin behar genuen; garai hartan hutsik baitzegoen eraikina.
Udalari aurkeztu genion proiektua, mundu guztia zegoen museoa egitearekin ados. Bideragarritasun plan bat eskatu ziguten, eta, hau aurkeztu ostean, lanean hasi ginen buru belarri, orduan sortu genuen Hamaika Kale elkartea proiektuaren kudeaketaz arduratzeko. Izenak Urduñako hiribildua osatzen duten hamaika kaleei egiten die erreferentzia. Aldarrikatu beharreko izena zen, hiriaren historiaren parte. Bizkaiko hiri bakarra izateaz gain, Bilbok baino kale gehiago ditugu! (barreak).

Lan boluntarioa ardatz eraikina atondu genuen: hormak margotu, altzari zaharrak bota, beste altzari batzuk berriztu, argiteria aldatu... Herritar asko inplikatu ziren proiektuan, eta auzolan guzti horri esker iritsi gara gaur egun gauden tokira.

Boluntarioek eraikitako proiektua da beraz.

Bai, eta egunez egun geroz eta herritar gehiago hurbiltzen dira elkartera; azken hilabetean ehun bazkide berri egin ditugu. Parte hartzeko modu desberdinak daude: bisita gidatuetan lagundu, konponketak egin, kontu administratiboak kudeatu, erakusketetarako materiala lagatu... Gehienak jubilatuta gaude, denbora eta esperientzia daukagu soberan!

Elkartekideei museoaz patxadaz gozatzeko aukera ematen diegu, bertan gordetzen diren altxor guztiak arretaz aztertzeko parada.

Ilusio asko jarri dugu museoaren eraikuntzan. Museo asko eta asko diru kantitate handiak jarrita ireki dira; hau ez, hau herriarena da. Herritar oro dago museoan parte hartzera gonbidatuta, mundu guztiaren ekarpena da ezinbestekoa proiektuak aurrera egin dezan.

Ondarea eta herri memoria gordetzeko asmoz sortu zenuten museoa, beraz.

Bai, noski, baina ez gorde bakarrik! Amurrion bada material etnografiko asko gordetzen duen biltegi bat, Felix Murga abadeak sustatu zuena. Guk ez dugu ondarea gorde nahi bakarrik, hau zaindu eta herritarrei erakutsi nahi diegu. Material oso delikatuaz ari gara, eta zaintza eskatzen du.

Etengabe ari gara material berria jasotzen. Erregistro zorrotza daramagu dohaintzan edo lagapenean jasotako objektu guztiena.

Hasieratik izan dugu argi museoak Urduñan galtzen ari ziren gauzen babesleku izan behar zuela. Hiriko kaleetan aulkien tailerrak, zapatak konpontzeko dendak ezagutu ditugu. Memoria guzti hori gorde beharra dago ahanzturan erori aurretik, hiriaren esentziaren parte baitziren tailer eta ofizio guzti horiek. Agian berandu hasi gara museoren bidez gauza guzti horiek gordetzen, baina ziur gaude beranduago hasita ezinezkoa izango zela, eta hiriaren historiaren parte handi bat galduta egongo zela.

Zer aurkituko du bisitariak museoan?

Eraikinak 1.200 metro koadro ditu erakusketetara bideratuta. Erakusketa egonkorreko 10 gela eta erakusketa tenporaletarako beste 3 gela. Gaur gaurkoz, munduko lisaburdinen erakusketa eta Marta Picaza eta Porrilló margolarien erakusketa daude ikusgai. Aldaketa etengabekoa da: ondare berria iristen da, behin-behineko erakusketa hiru eta sei hilabetero aldatzen dugu... Eulalia Abaitua eta Fernando Moleres argazkilarien erakusketak ere izan ditugu, besteak beste. Txetxu Lambarriren fosil eta mineral erakusketa ere gorde dugu.

Erakusketa egonkorrari dagokionean 10 gelak gremioka ditugu antolatuta, objektu guztiak Urduñako elementu eta ondasunak dira. 

Bisita gidatuez gain bestelako ekintzak egiten dituzue?

Saskigintza tailerrak egin izan ditugu, azoka brokantea antolatu dugu, argizaria nola egiten den erakusteko tailerrak... Artisau desberdinak ekarri nahi ditugu ofizio bakoitzaren nondik norakoak azaltzeko. Etorkizunera begira ere beste asmo batzuk ditugu buruan: Segoviako emakume batekin gaude harremanetan museoan ditugun ehungailuak martxan jartzeko eta txarriboda bat ere antolatu nahi dugu museoan, antzina egiten zen bezala. Argazki zahar asko bildu ditugu ere, uneren batean erakusketa desberdinak antolatu beharko ditugu.

"Pandemia tarteko 7.800 bisitari baino gehiago jaso ditugu azken urtean, eta hilabetez hilabete gora egiten du kopuruak"

Museoaren harrera oso ona izan da hirian; Urduñatik kanpo ere harrera ona izan da bisitarien aldetik?

Pandemia tarteko 7.800 bisitari baino gehiago jaso ditugu azken urtean, eta hilabetez hilabete gora egiten du kopuruak. Ez genuen inondik inora hain harrera ona espero. Areto guztietan mezuak idazteko liburuak ditugu, eta iritzi guztiak oso positiboak dira. Internet bidez jasotako iritzi guztiak ere oso onak dira. Oso atsegina zaigu hain iritzi onak jasotzea.

Askotan entzun dugu Urduña Hiria Museoa museo desberdin bat dela, ez dela ohiko museo bat. Nabari da jende boluntarioak maitasun handiz eraikitako zerbait dela. Bisitariei egiten zaien harreran igartzen da hori. Oso estua da harremana bisitariekin, beste museo batzuetako formalismoetatik kanpo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide