AINHOA GUTIERREZ ETA IRATXE SOLIS

“Maila altuko txapelketa izango dela aurreikusten dugu”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 4a, 08:00

Aurresku, Fandango eta Arin-arin txapelketaren antolaketan buru belarri murgilduta daude Ainhoa Gutierrez eta Iratxe Solis. / Aiaraldea.eus

AINHOA GUTIERREZ (Urduña, 1996) eta IRATXE SOLIS (Urduña, 1979) Erauntsi dantza taldeko kideak dira. Buru belarri ari dira Otxomaioetarako prestatu dituzten ekintzak antolatzen: aurresku, fandango eta arin arin txapelketa eta euskal dantzen alardea.

Bi ekintza antolatu dituzue Otxomaio jaietarako, horien artean aurresku, fandango eta arin arin txapelketa. Prest duzue dena?

2018an antolatu genuen aurrenekoz Aurresku Fandango eta Arin Arin txapelketa, aurtengoa hirugarren edizioa izango da berez. Amurrioko txapelketa du erreferente, txapelketa horrek piztu zigun Urduñan ere antzeko zerbait antolatzeko grina.

Aurten martxoan hasi ginen dena antolatzen: izen emateak kudeatu, epaileak lotu, sariak lortu... Zortea daukagu, azken edizio honetan dena geratuko da etxean. Musikariak eskualdekoak dira; Getxa Goi Txistu Taldekoak eta Fita-Fik elkartekoak. Epaimahaikide bi ere urduñarrak dira.

Egun bakarrean, eta ordu erdian, bete zen aurresku txapelketako izen ematea. Fandango txapelketan ere bete dugu inskripzioa, beti kostatzen da gehiago bertako izen-ematea betetzea baina lortu dugu. Antzeman daiteke jendea oso gogotsu dagoela horrelako txapelketetan aritzeko. Guk ere, antolakuntzako kideok, ezin dugu zirrara ezkutatu.

Pandemiak erabat geldituko zituen horrelako txapelketak.

Dantza txapelketak guztiz gelditu dira azken urtean bai, eta ziurrenik Urduñako hau izango da lehenengoetariko bat. Iaz baten bat ospatu zen, baina federazioak markatutako egutegiaren barruan, Bergarako txapelketa kasu, eta dantzariak maskarillarekin aritu ziren.

Zer nolako txapelketa aurreikusten duzue?

Maila altuko txapelketa izango dela aurreikusten dugu. Ezagutzen ditugu parte hartuko duten dantzarietako asko eta benetan dira onak.

Ikusleek ere asko gozatuko dute txapelketan. Alde batetik ez dugu herrialde bateko zein besteko dantzarik mugatu. Hau da; Bizkaian egiteagatik epaileek ez dute gehiago baloratuko Bizkaiko dantzatzeko era. Horrek aukera emango die ikusleei ezagutzeko dantza berdina egiteko modu desberdinak daudela.
Bestetik, aurten janzkera ere baloratuko du epai-mahaiak; ziur gaude oso jantzi ederrak ikusiko ditugula.

Aurresku, fandango eta arin arin txapelketaz gain alarde bat ere egingo duzue.

Bai, hala da. Maiatzaren 8an euskal dantzen alardea egingo dugu Urduñako Herri Eskolako patioan. Mimo handiz prestatu dugu ikuskizuna, asko entseatu dugu. Dantza tradizionalak erritmo berriekin uztartuko ditugu bertan. Sei talde desberdin arituko gara, 50 dantzari baino gehiago. Jendea oso gogotsu ikusten dugu, hiru urteren ostean susmoa daukagu aurtengo jaiak oso bereziak izango direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide