"Gora Otxomaio!" oihukatuta hasi dira 2022ko Urduñako festak. 21:00etan izan da txupinaren jaurtiketa, eta kalejiran ireki dituzte txosnak ondoren. Frontoian, berriz, pilota jaialdia izan da protagonista. Aiaraldea Komunikabideak jaietako jarraipen berezia egingo du.
Ekintzaz jositako egunak izango dira datozenak Urduñan. Goizetik gauera, jarduera mordoa egongo dira larunbatean zein igandean -Otxomaio eguna- ; eta astelehenean Arrastariak hartuko du protagonismoa, 'Umeen eguna' ere izango den arren.
Mezuz betetako txupinazoa
Hamaika Kale elkartea (Orduña Hiria museoa) eta Bihotza Konpartsa izan dira aurtengo txupinero eta pregoilariak, hurrenez hurren. Batibonbak hartu du hitza, Bihotza Konpartsaren ordezkari gisa. Sabai gabeko autoan egin dute kalejira lehenbizi, hiriko kaleetan barrena. Hala, urduñarrak agurtzen ibili dira nola erraldoiak hala buruhandiak.
21:00etan hasi da udaletxeko balkoiko ekitaldia, eta ordezkari politikoek zein herritarrek hartu dute parte. Esate baterako, Mari Carmen Diaz de Lezana bertaratu da, 2020ko pregoilaria. Bera arduratu da balkoiko ikurriña jasotzeaz. Halaber, Urduña Hiria museoko kide diren Hamaika Kale elkartekoek ere jaso dute aitortza. Horrez gain, Urduñako txistulariek ereserkia jo dute. Pregoi irakurtaldiaren ondoren piztu dute festetako suziria, eta segidan hasi da kalejira Foru plazan barrena.
Aiaraldea Komunikabideak jaien hasiera ekitaldiaren zuzenekoa egin du, udaletxeko balkoitik:
Argazkiak: Aiaraldea.eus eta Antonio Muñoz