Otxomaio jaien egunik esanguratsuena da, berez, maiatzaren 8a. Ospakizunari izena jartzen dion eguna da, eta Urduñako Antiguako Andra Mari omentzeko baliatzen da.
Horretara joan dira gaur ehunka herritar Antiguako santutegira. 10:30ean abiatu da agintarien desfilea bertara, Foru plazatik abiatuta. Handik ordu erdira egin da meza. Itziar Biguri alkateak hartu du hitza bertan, tradizioari jarriki, hiriaren botoak berritzeko.
12:30ean erraldoi eta buruhandien kalejira egon da, Bihotza Konpartsaren eskutik. Arratsaldean, aldiz, euskal dantzen alardea egon da eskola publikoko jolastokian, Erauntsi Dantza Taldeko kideen eskutik.
Jarraian, Jamaixa Show berbenaren emanaldia hasi da Foru plazan.
Bihar, umeen eguna
Bihar umeak izango dira protagonista. Batibonba eta buruhandien kalejira, herri bazkaria eta DJ Xaiborren emanaldia izango dituzte, besteak beste. Hemen ikusi daiteke egitarau osoa.