Ia 400 urte daramatzate Larruzabal Batzar Administratiboko herriek Otxomaio jaietan ekitaldiak egiten. Maiatzaren 9an izaten da beti euren ospakizuna: kalejiran abiatzen dira Foru plazatik Antzinako Santutegira, amabirjina omentzera, euren patroia baita. "Historia bizia" ekarri du gogora Urduña Hiria museoak sare sozialetan: "Larruzabaleko eta Urduñako alkateek klarin bandaren laguntzarekin berriro ere egingo dute kalejira Antzinako Santutegira, amabirjinaren aurrean euren botoak berritzeko".
Aloria, Artomaña, Tertanga eta Delikako alkateak zein herritarrak izan dira protagonista Otxomaio jaietako Arrastariako egunean.
Aloria, Artomaña, Tertanga eta Delika herriek osatzen dute Larruzabal. Hain zuzen, oso ezagunak dira mendez mende, belaunaldiz belaunaldi transmitituta, mezaren ostean dantzatzen dituzten 'Arrastariako entradillak'. Aurten ere gazte ugarik dantzatu dute bertan. Hala, Urduñako Alde Zaharrera joan dira gero, La Posadatik Arrastariako herrietako agintarien hitzartzea zabaltzera. Txandaka egiten dute ekitaldiko hitzartzea, urtero herri batek hartzen du hitza, eta Alberto Quincoces Tertangako alkatea igo da balkoira, Txerra Molinuevo eta Itziar Bigurirekin batera (Amurrio eta Urduñako alkateak, hurrenez hurren).
Hurrengo igandean Saratxoko herritarrak etorriko dira euren bozkak berritzera, XVII. mendetik datorren ohiturari jarraiki.
Argazkiak: Allende Solaun Boada