Antzinako 250 irrati eta musika tresna ikusgai Orduña Hiria Museoan, ostiraletik aurrera

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 12a, 09:03

2023ko urtarrilaren 15era arte egongo da ikusgai Agustin Erkoreka eta Pilar Arruzaren erakusketa. 

Irratiek hartuko dute lisaburdinen lekua Orduña Hiria Museoan. Ekainaren amaierara arte egon dira Carlos Uzkianoren lisaburdinak ikusgai, antzinako tresnetara bideratutako aretoan. Ostiral honetan, aldiz, Agustin Erkoreka eta Pilar Arruzak hartuko dute lekukoa. Antzinako irrati eta musika tresnen erakusketa atonduko dute, 250 pieza ingururekin. 

19:00etan izango da inagurazioa, eta datorren urteko urtarrilaren 15era arte egongo da ikusgai esposizioa, museoaren ohiko ordutegian. 

Agustin Erkoreka da bildumaren jabea, eta bere emazte Pilar Arruza izan du bidelagun eta laguntzaile erakusketaren osaketan. Elektrikari moduan egin du lan Erkorekak, eta duela 45 urte piztu zitzaion irratiekiko zaletasuna. “Zaletasun hori aintzinako irrati bat martxan jartzeko ahaleginak sortu zion, Zenith markakoa, bere anai marinelak Kanadatik sorterriko baserrira ekarri zuena”, azaldu dute musoeko arduradunek prentsa oharrean. Nabarmendu dutenez, gaur egun 300 pieza inguru ditu bildumazaleak, eta gehienak egongo dira ikusgai Urduñan. Gainera, orain arte erakusketa hau Mungian (Erkorekaren herrian) baino ez da ikusgai egon. 

Bestelako musika tresna batzuekin osatu dute erakusketa: gramofonoak, musika-kaxak edota bozgoragailuak, besteak beste. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide