Uztailaren 30ean Terreroko Jaiak lehertuko dira berriz ere Urduñan. Jai Batzordeko kideek egun osoko egitarau oparoa prestatu dute. Hainbat urtez ospatu gabe egon ostean, auzokide talde batek 2017an berreskuratu zituen jaiak. "Sona handiko festak ziren bere garaian, guk oso oroitzapen goxoak gordetzen genituen, eta horregatik erabaki genuen festak berreskuratzea" azaldu dute antolakuntzan aritzen diren bizilagunek.
Egun osoko egitaraua
"Goizetik iluntzera arte, egun osoko egitaraua eskaini nahi izan diegu herritarrei", nabarmendu dute Jai Batzordetik. Lehenengo suziriarekin batera piztuko da jaia, 11:00etan, eta tortilla txapelketari segida emango diote jarraian. Antolakuntzako kideek adierazi dute eurek emango dutela txapelketan parte hartzeko behar den guztia.
Tortilla txapelketaren emaitzak 13:00etan jakinaraziko dituzte, trikiti doinuz lagunduta. Herri bazkaria 15:00etan egingo dute, baina aurretik haurren bazkaria hasiko dute, 14:30ean.
Arratsaldean ere ez da ekintzarik faltako: Puzgarriak, bola jaurtiketa, igel-toka txapelketa, kuadrillen arteko decathlon herrikoia... 20:30ean parrillada solidarioa egingo dute, eta AEFAT elkartera bideratuko dute bildutako diru guztia.
Musika eskaintza zabal batek itxiko du egitaraua iluntzean. 21:00etan Tolin mariatxia arituko da oholtza gainean, eta 22:00etan dantzaldia hasiko da DJ Makaldi musika jartzailearen eskutik. 23:00etan, ordea, umore eta transformismo ikuskizuna eskainiko dute, eta 00:00etan DJ Varrok festa luzatuko du goizaldeko 3:00ak arte. Ordu horretan zozketa egingo dute, jaiari amaiera emanez.
"Jai herrikoi eta parte hartzaileak dira gureak", azaldu dute batzordean parte hartzen duten auzokideek. Horregatik, deia zabaldu dute Terreroko bizilagunen artean jaien antolakuntzan laguntzeko. Urduñako gainerako auzoei ere luzatu diete gonbita bikoitza: "Terreroko jaietan disfrutatzea, eta euren auzoetan jai herrikoi eta parte hartzaileak berreskuratzea, guztion gozagarri izan daitezen".