Zer suposatzen du urduñar batentzat Morrillon izatea?
Ohorea. Morrillon, berez, nire osaba Patxiren lagun kuttuna zen. Morrillon abizena zuen. Foru plazako etxe batetik, Kale Barria parean, Zumalakarregiren estatua zegoen tokiraino botatzen zen Morrillon, sekulako pertsona zen. Fardoak lotzeko sokarekin eta polearekin egiten zuten jaitsiera, gaur egun kartzerlara joango liratezke hori egiteagatik. Oso laguna izan nuen bera ere.
Bera hiltzean, beste Morrillon bat egon zen, Aduanako lehen solairutik jaisten zena (hori ere nire laguna). Kuriosoa zen, gainera: Urduñan bi peña zeuden, eta kamisetaren aurrealdean Peña Txarlazo jartzen zuen, eta atzean Peña Labarca. Batasunak indarra ematen zuela zioen beti. Gaixotasun batekin hil zen, eta horregatik proposatu zidan Jai Batzordeak hurrengo Morrillona ni izatea.
Zenbat urte daramatzazu tirolinarekin jaitsiera egiten?
Duela 7 urte hasi nintzen, pandemiagatik 2 urteko etenaldia egon bada ere. Baiezkoa ematea kosta zitzaidan, marroia iruditzen zitzaidan. Ez nuen bertigorik, ohitua nago altueran ibiltzera, eraikuntzan egiten baitut lan. Etxekoekin kontsulta egitean, lehen egunetan, beti tontokeritan ibili behar ote naizen galdetzen zidaten, baina nik argi nuen: kaleko jaiak nahi bagenituen, norbaitek egin behar zuen hori ere. Gogoan dut nire alaba gazteena oporretan joatekoa zela, eta badezpada jaitsieraren ostean joatea erabaki zuela!
"Nerbioengatik, botatzera nindoan lehen aldian, langileak esan zidan: 'Itxaron, itxaron, ez dakidala lotuta zauden!'. Ahal bezala heldu, eta lotuta nengoen, bai; oso ondo atera zen"
Nola oroitzen duzu lehen aldia? Urduri?
Bai. Aduana itxita zegoen, ez zegoen argirik…. Hala ere, tirolina beti profesionalek montatzen dute, eta oso ziurra da. Mugikorrarekin ibili ginen linterna gisa erabiltzen. Nerbioengatik, botatzera nindoan lehen aldian, langileak esan zidan: “Itxaron, itxaron, ez dakidala lotuta zauden!”. Ahal bezala heldu, eta lotuta nengoen, bai; oso ondo atera zen.
Nola azalduko zenuke jaitsiera hitz gutxitan?
Izugarria da. Foku zuri handi batekin argiztatzen da Morrillon (ni), eta itzalak oso efektu polita egiten du bainuetxeko paretan. Urduñako Antonio eta Iñakik argazkiak egin zizkidaten behin, eta egutegia oparitu zidaten gero irudi horiekin.
Aurten itzuliko al da Morrillona?
Bai, noski. Hori espero dut, behintzat. Tirolina eta fokua guk finantzatzen ditugu, nahiz eta Udalak diru-laguntza eman… Ez pentsa, azpiegitura aldetik badu bere konplexutasuna: eguerdian kokatzen dute azpiegitura, langileek probatzen dute lehenbizi, ondoren nire pisua baino handiagoarekin testeatzen dute berriro… Oso profesionalak dira, eta eurekin jaitsiera egiteak ez dit beldurrik ematen. Langile bat bainuetxeko leihoan egoten da, eta beste bat behean. Ez nuke ezergatik aldatuko enpresa eta segurtasun maila hori.
"Istorioa edo ideiaren jatorria, Joakin Morrillorena da. Tertangakoa zen Morrillo, poteoan zebiltzan egun batean, Gasteizen panpina botatzen zutela egon ziren komentatzen, eta… ‘Zergatik ez zara botatzen zu?’. Esan eta egin. Horrela hasi zen txufla, gaur arte"
Noiz edo nolatan sortu zen jaietako ekimen berezia?
Gasteizko Zeledonek baino 2 urte gutxiago ditu Morrillonak, 50 urte baino gehiago. Istorioa edo ideiaren jatorria, Joakin Morrillorena da. Tertangakoa zen Morrillo, eta Jose Luis Biguri eta hauekin ibiltzen zen poteoan. Ardoak edaten zeuden egun batean, Gasteizen panpina botatzen zutela egon ziren komentatzen, eta… ‘Zergatik ez zara botatzen zu?’. Esan eta egin. Horrela hasi zen txufla, eta urteetan jarraitu dugu, gaur arte.
Noiz aldatu zen jaitsiera ibilbidea, etxebizitzatik Aduanara?
Duela 15-16 urte, gutxi gorabehera. Lehen Urduñako batek egiten zuen tirolina montaketa, baina segurtasun baldintzak exijitzen hasi zirenean aldatu egin behar izan genuen. 50 metro inguru ditu ibilbideak, eta 14 metroko desnibela dago. Hala ere, ez dugu inoiz oztoporik izan: are, bainuetxeak beti jarri du pertsona bat guri arreta eskaintzeko. Hori bai, erantzukizun zibila sinatzen dugu, ardurak argi uzteko.
Kale Barriako jaietatik zein da gogokoen duzun ekintza?
Herri bazkaria egiten dugu kaleko guztientzat. Gauean, berriz, Morrillonaren jaitsiera eta gero (abuztuak 15) jende guztiarentzat luntxa prestatzen dugu, debalde. Jende guztia dago gonbidatua: urduñarrak, amurrioarrak, gernikarrak…. Bestalde, haurrentzat jolasak egiten ditugu, nagusien meza eta abar. Mezaren ondoren, kaleko nagusienari makila eta lore sorta oparitzen dizkiogu.
Ohikoak dira Urduñako kaleetako jaiak. Ohitura handia dago?
Lehen gehiago zeuden: Santa Klarakoak… Orain Terrerekoa berreskuratu da. Arazoa gazteena da, ez badute tradizioarekin jarraitzen ez dago zer eginik. Jaia nahi duenak, lan egin behar du ere. Niri asko gustatzen zait parranda, horregatik jarraitzen dut, baina gazteek ez dute nahi lanik egin, dibertitu bakarrik. Errelebo faltagatik zenbait jai galdu dira, geroz eta jende gutxiago baitago laguntzeko prest.
Nola antolatzen dituzue Kale Barriako jaiak?
Auzolanean. Mahaiak jarri behar dira, ekintzak antolatu, zozketako errifak saldu… Udalak diru-laguntza ematen digu, baina auzokideen artean prestatzen dugu dena. Urte batean, gogoan dut La Vieja del Baston taldea ekarri genuela (2018an) eta 21:00etatik goizera arte egon ziren jotzen, oso ondo pasatu genuen denok!
Zer ekarpen egiten diote kaleko jaiek hiriari eta urduñarrei?
Batez ere, tabernak lagutzea. Pandemia urtean oso gaizki egon dira, eta festak deigarriak izan arren, jendeak bizi behar ditu. Amurriokoak ere etorri izan dira batzuetan, oso inportantea da hori guretzat: karrozen desfilea ikusteari utzi izan diote Urduñara etortzeko. Hori guretzat sekulakoa da. Nik uste, gure lana eta jaiak telebistan agertuko balira, beste oihatzun bat edukiko luketeela. Behin, sevillar batzuk baimena eskatu zidaten hartutako irudiak zabaltzeko. Pentsa, 2023an Logroñoko udaletik lagun baten bidez bertako elizako kanpandorretik botatzea proposatu didate!
Zer espero duzu aurtengo jaiez?
Ondo ateratzea, eguraldi ona egitea eta, batez ere, inolako eraso matxistarik ez egotea.