ARGAZKI KRONIKA

Urrats berria eman dute Urduñan memoria historikoaren berreskurapenean, Duintasunaren Kolunbarioa inauguratuta

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 28a, 23:10

Espainiako Estatuko, EAEko eta Urduñako ordezkari instituzional ugarik hartu dute parte ekitaldian, Urduñako Kontzentrazio Esparruan zendutako hainbat pertsonaren senideekin batera. 

Ehunka lagun bildu dira gaur goizean Urduñako hilerriaren parean egin den ekitaldian. Hor kokatuko dute hiriko Duintasunaren Kolunbarioa, eta Guda Zibilaren eta frankismoaren 15 biktimaren gorpuzkiak gorde dituzte bertan dauden hobietan. 15 pertsona horietako 14 Urduñako Espetxe Zentral zaharrean hil ziren, eta 2014. urtean atera zituzten hilerritik, Aranzadi elkarteak eginiko indusketaren bidez: 

Azken gorpuzkina, aldiz, San Pedro mendian eginiko indusketetan topatu zuten:

Hala ere, kolunbarioak 60 hobi ditu guztira, eta horiek guztiak betetzeko prestutasuna erakutsi du Urduñako Udalak. “Duintasunaren Kolunbarioaren inaugurazio honekin ez da ezer bukatzen. Hormigoiaren azpian dauden gorpuak berreskuratu eta Duintasunaren Kolunbarioan sartuko ditugu. Aukerarik badago, bere jaioterrira eramango dira eta, bestela, hemen egongo dira gurekin”, azaldu du Itziar Biguri alkateak.

Aranzadi elkarteko Lourdes Erraztik eman ditu horri buruzko xehetasun gehiago. Aurreratu duenez, udazkenean ekin nahi diote berriro hilerrian indusketak egiteari, jakin badakitelako gorpu gehiago daudela hormigoiaren azpian. Gauzak hala, kolunbarioaren inagurazioa “urrats bat” baino ez dela azaldu dute Udaletik, “gaur ezer amaitu ez dela” nabarmenduta. 

Udazkenean ekin nahi diote berriro hilerrian indusketak egiteari

Ekitaldia

Miguel Angel de Castro Diazen hitzartzea izan da gaurko ekitaldiaren unerik hunkigarrienetako bat. Valentziako bizilagunak bere aitona ekarri du gogora (Silvano de Castro Barrios), Urduñako espetxean hil baitzen. “Nik ez nuen nire aitonari gertatu zitzaionaren berririk. Nire aita zendu zenean hasi nintzen ikertzen”, kontatu du, “Urduñara etorri nintzen lehenbiziko aldian hemengo andra nagusi bati galdetu nion ea non zegoen espetxea. Besarkada estu bat eman zidan orduan, bera espetxearen alboan bizi izan zelako eta bertan gertatutakoen lekuko zuzena izan zelako”. 

Hainbat ordezkari instituzionalek ere hartu dute hitza, Xabier Euzkitze aurkezleak gidatuta. Instituzioen arteko elkarlana goraipatu dute guztiek, eta memoria historikoa politika publiko moduan garatzearen beharra nabarrmendu. Kolunbarioaren inagurazioa bera balioan jarri du Beatriz Artolazabalek,  Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. “EAEn eraikitzen den mota honetako bigarren monumentua da, Bizkaiko lehena”, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, eta gaineratu du Legebiltzarrean lantzen ari diren memoria historikoaren legeak ildo horretan sakonduko duela, “talde politikoen gehiengo handi baten adostasunarekin”. 

Monumentuaren egitura

Arestian aipatu bezala, 60 hobi ditu kolunbarioak, baina ez hori bakarrik. Iñigo Arregi artistak eginiko Duintasuna eskulturak gorpuzten du monumentua, eta hainbat informazio panel ere daude, Urduñan Guda Zibilean zein frankismoan bizitakoen inguruko datuekin. 

Aurrekariak

Duela hamar urte abiatu zuen Urduñak memoria historikoaren berreskurapenaren aldeko ibilbidea. Hainbat mugarri garrantzitsu egon dira bide horretan: Joseba Egigurenen ikerketa liburuaren argitaratzea, Udalean onartutako mozioa edota hilerrian eginiko indusketak, besteak beste. 

Egigurenek eginiko ikerketaren arabera, 225 pertsona zendu ziren Urduñako kontzentrazio esparruan 1937-1941 urteen artean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide