Urte hasieran abiatu zuten Urduña eta Haroren arteko kultur elkartrukea, eta ekimenak ez du atsedenik hartuko udan. Uztailaren hasieran inauguratu zuten Postales de Orduña erakusketa Errioxako hiriko Liceo kafetegian. Urduñako Romulo tabernan, aldiz, Haro 1920-1950 erakusketa dago ikusgai.
José Maria Pedrajas “Torri” artistak atondu du Postales de Orduña esposizioa, hiriko hainbat toki ezagunen 10 argazki bilduta. Romulo tabernan dagoen bilduma, aldiz, Joaquin Cegarra Perez historialariak prestatu du. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Urduñara bertaratuko da Cegarra udazkenean, erakusketa argazkien nondik norakoak azaltzeko. Hala ere, oraindik ez dakite zehazki noiz antolatuko duten solasaldi hori.
TeBeOteca ekimenetik jaio zen bi hirien arteko kultur elkatrukea egiteko ideia. Urte hasieran jarri zuten martxan, eta dagoeneko hainbat erakusketa atondu dituzte aipatutako bi establezimenduetan.