Urduñak iraileko lehenengo bi asteburuetan ospatuko ditu Koroatze jaiak: irailaren 4an eta 11n. Marmitako Txapelketa eta VII. Euskal Kanta Herrikoien Topaketa izango dira egun horietako osagai nagusiak.
Marmitako Txapelketa
Irailaren 4an XXII. Marmitako Txapelketa ospatuko dute Foru Plazan, Igel Abestokia Txokoak antolatuta. Lehiaketa gastronomikoa Bizkaiko Txapelketaren barruan egongo da kokatua, eta parte hartzaileak 9:00etan hasiko dira lapikoak prestatzen.
Urduña kantuz jantziz
Irailaren11n VII. Euskal Kanta Herrikoien topaketa egongo da. Bertan, Laudioko Arloteek eta Santa Luzia abesbatzak, Deustoarrak Abesbatzak, Ugarte otxote amurrioarrak eta Urduñako Oilarrak taldeak hartuko dute parte; Jose Laña zuzendariaren gidaritzapean egongo den Santa Zezilia musika bandarekin batera.
Talde bakoitzak kanta bana abestuko du Foru Plazako kioskotik, eta jarraian Xalbadorren Heriotzean kantatuko dute Santa Zezilia bandaren laguntzaz. Horren ostean hiriko kaleetatik banatuko dira eguerdia musikaz girotzeko.